Udaltzainek euskara ez jakiteak herritarren segurtasuna eta eskubideak arriskuan jartzen dituela salatu dute Donostian

2024ko irailaren 19a

Aste honetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalaren errekurtsoaren aurkako epaia argitaratu du, udaltzainek euskara ezagutzeko baldintza atzera botaz. Ebazpenaren bidez, 2022ko udaltzaingoaren hainbat lanpostu egonkortzeko deialdiaren hizkuntza-eskakizuna baliogabetu zuen Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Aretoaren erabakia berretsi du. 

Azken urteotan, euskararen normalizatzearen aurkako sententziak areagotu dira administrazio publikoan, botere judizialak abiatutako oldarraldiaren ondorioz. Izan ere, zerbitzu publikoa gure hizkuntza propioan jasotzea egunero urratua den oinarrizko eskubidea izanik, euskara ezagutzen ez duten udaltzainek ezingo dituzte euskaldunen eskubideak bermatu. 

Epai injustu honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak elkarretaratzea egin dute Alderdi Eder Parkean, Donostiako Udaletxearen aurrean. Halaber, Donostiako Udalari sostengua eta babesa adierazi diote epai injustu honen aurrean helegitea jarri dezan, eta azken bururaino eraman dezan euskararen normalizazioaren aldeko prozesua. Hemen elkarretaratzearen bukaeran irakurri den adierazpena:


ADIERAZPENA

Oldarraldiak ez du etenik. Donostiako hau dugu dagoeneko luzeegi doan zerrenda bateko azkena. Baina, zoritxarrez, ez dirudi azkena izango denik. Orain arte Udalaren eta, oro har, administrazioaren bidez, ordezkari politikoena izan da herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten politikak egiteko eskumena eta, are, betebeharra. Sententzia hauen bidez, baina, eskumen hori erabat baliogabetu dute: epaitegiek dute azken hitza hizkuntza-politikan.

Izan ere, epairik epai doktrina berri bat eratzen dabiltza. Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna. Euskararen ofizialtasun estatusa zalantzan jartzeraino. Helarazi nahi diguten mezua argia da: urrunegi joan zarete, eta mugak jarri behar dira.

Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluak eta BAGERAk beren sostengu eta babesa adierazi nahi diote Donostiako Udalari euskararen normalizazioaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko.

Epailearen iritziz, Donostian nahikoa da bi udaltzainetik bakarrak euskaraz jakitea herritarrak beren hizkuntzan artatu ahal izateko. Egunerokoak kontrakoa demostratu du: ez da nahikoa. Hala, salbuespena izan behar zena arau bihurtu dute eta, ondorioz, euskaraz artatua izateko eskubidea, salbuespen.

Bereziki larria da hau, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik. Udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea arriskuan jar ditzake. Enplegu publikoaren helburua zerbitzu publiko egokia ematea da, herritarrek behar duten arreta diskriminaziorik gabe eskaintzea. Nola egingo du hori euskararik ez dakien udaltzainak parean herritar euskalduna egokitzean?

Honen aurrean, iazko azaroaren 4ko manifestazioan milaka eta milaka herritarrek argi adierazi zuten olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honi batasunetik erantzuteko beharra. Eta euskal hiztun komunitateak egunero-egunero erakusten du konpromiso irmo bat. Jendarteak, orokorrean, praktika eta jarrera ugariren bidez behin eta berriro adierazten du euskara minorizaziotik ateratzea nahi duela, euskaraz bizi nahi duela.

Horregatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan legegintzaldi berria hasi den honetan, dei egiten diegu euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden eragile sozial eta politikoei hizkuntzaren auziari orain arte izan ez duen eta dagokion zentralitatea eman diezaioten. Euskararen gaia lehen lerrora ekarri behar da.

Horrekin batera, oldarraldiari aurre egiteko konpromiso eta neurriak hartu behar dira. Baditugu proposamen zehatzak: Euskalgintzaren Kontseiluak LAB eta ELA sindikatuekin batera administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamen errealista eta egingarria aurkeztu genuen. Eta azken hilabeteetan legelari adituek, Katalunia zein Galiziako ereduak aintzat harturik, egungo hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-indizearen markoa gainditzeko proposamena aurkeztu dute. Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Hizkuntza-berdintasuna bermatu beharra dago.

Larrialdi linguistiko betean gaude, euskararen normalizazioan aurrera egiteko genituen tresnak baliogabetu dituzte, euskararen ofizialtasuna blokeatzeraino. Ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan behar dugun jauzia eman ahal izateko urrats ausartak ematea, eta euskararen biziberritze prozesuaren aro berriari segurtasun juridikoa emango dion oinarriak garatzea. Araudi berri bat garatzea.

Azken finean, euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsak ematea da; justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea; bizikidetza indartzea; askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa da.

Donostian, 2024ko irailaren 19an.

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA · BAGERA ELKARTEA