![DONOSTIA ELKARRETARATZEA](https://kontseilua.eus/wp-content/uploads/2025/02/IMG_20250212_183544-1024x766.jpg)
«Euskaraz bizitzea posible egingo duen arkitektura juridiko berri bat aldarrikatzen dugu»
Pasa den astean, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Donostiako Udalak udaltzain izateko euskarazko B2 maila baliogabetzen zuen sententziaren aurka aurkeztutako kasazio helegitea.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta BAGERA elkarteak erabaki atzerakoia salatu, eta euskararen normalizazioaren eta herritarren eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu zuten. Jarraian, elkarretaratzearen bukaeran irakurritako testua.
ADIERAZPENA
Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo baten aurrean gaudela. Atzo bidezkoa zena, ilegala da gaur. Euskararen normalizazioaren joko arauak aldatu dituzte eta, egun, edozerk balio du gure hizkuntza eskubideak bermatzea xede duten neurriak baliogabetzeko: ezin da euskara eskatu “zailegia” delako, ezin da euskara eskatu “inposizioa” delako, ezin da euskara eskatu “gehiegizkoa” delako, ezin da euskara eskatu “diskriminatzailea” delako…
Eta horrela, Donostian udaltzain izateko euskara eskakizuna gehiegizkotzat jo du epaileak, udalaren eskumenaren aurka eta herritarren hizkuntza eskubideen kaltetan.
Berriz ere, bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi gaituzte. Berriz ere, arrotz sentiarazi nahi gaituzte gure herrian. Euskararekiko konplexuak, aurreiritziak eta gorrotoa elikatu nahi dituzte, diglosia betikotu.
Euskaraz bizitzea pribilegio edo kapritxo gisara saldu nahi digute. Baina euskararena auzi sozial bat da, gizarteko gainontzeko auzi guztiekin loturan dagoena.
Gabriel Arestik Donostian bertan emandako hitzaldi batean adierazi bezala:
«Gure bihotzean ez da euskararentzako kupidazko sentimendurik kabitzen, guretzat euskara premia bat da. Nork esaten du ogia maitatzen duela? Ogia ez da maitatzen, behar izaten da.»
Eta hala, eguneroko ogiaren gisara, egunero ukatzen digute euskara.
Horren erakusgarri ditugu donostiarrek udaltzaingoarekin harremanetan pairatutako hizkuntza eskubideen urraketak, Behatokiak jasotako salaketa ugarietan jasotakoak. Horietako batzuk ekarri nahi ditugu hona, adibide modura:
1. Kontxako hondartzan lapurreta bat izan dela eta, hondartza aldamenean egoten den udaltzainen furgonetan udaltzain bakarra zegoen, ez zen gai euskaraz hitzegiteko.
2. Azaroaren 24an, eguerdiko 12etan, bilera genuen udaletxean eta minutu batzuk lehenago bertaratu ginen. Sarreran udaltzaina zegoen kontrola egiten. Guk “egunon” berak “buenos días”; ondoren “la documentación”, guk “bai esan”, berak berriro “la documentación”. Horrela hiru aldiz, hiru pertsona baikinen. Bukatzeko “les esperan arriba?” guk “bai, badakite”; berak “saben subir?”, guk “bai, badakigu nola joan, eskerrik asko”; berak “hasta luego”: hitz bat bera ere euskaraz. Intxaurrondoko Guardia Civil-aren kuartelaren sarreran bageunde bezala tratatu gintuzten Donostiako udaletxeko harreran.
3. Donostiako Nafarroa Hiribidean Tourraren harira egindako itxieran zegoen udaltzainari galdetu nion ea noiz pasa ahal izango genuen errepidea. Agenteak gazteleraz egiteko eskatu zidan euskeraz ez zekiela esanez eta mezpretxuzko doinuz. Momentu horretan izugarrizko ezina sentitu nuen eta ez zait bidezkoa iruditzen Donostia bezalako hiri batean euskarazko oinarri-oinarrizko maila ere ez edukitzea.
4. Donostiako Udaltzaingoaren komisaldegira gerturatu gara salaketa bat jartzera. Ekainaren 18an, arratseko 7tan. Bertako harreran euskaraz “Salaketa bat jartzera gatoz” esan eta harrerako udaltzainak “Mal empezamos. Si no me hablas en castellano no nos vamos a entender” erantzun. Salketa bikoitza da hau: 1.- Donostiako Udaltzaingoaren komisaldegian euskaraz ez artatzea. 2.- Gure hizkuntza erabiltzeari horrelako erantzunak ematea. Gainera, parean “Udalean ere euskaraz” zioen kartel handi bat nuen.
Baliogabetutako lan deialdiak urraketa horiei konponbidea jartzen hasteko borondatea zeukan. Baina epaitegien erabakiaren erruz, hori ez da posible izango.
Horregatik, gogor salatu nahi dugu botere judizialaren injerentzia hau eta, era berean, gure eskubideak egiazki bermatuko dituen, euskararen ezagutza eskubide sozial eta unibertsala izatea lortu eta euskaraz bizitzea posible egingo duen zoru berri bat, arkitektura juridiko berri bat aldarrikatzen dugu. Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko: aurre egitetik, aurrera egiteko.
Azken finean, euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak ematea da, justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea, askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa da.
Bada garaia euskarak bizi duen larrialditik indarraldirako jauzia emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko.
Euskaraz bizi nahi dugu eta hortara goaz!
OLDARRALDIAREN AURREAN
EUSKARAREKIN BAT
EUSKARAZ BAT