![DONOSTIAKO UDALA ELKARRETARATZEA UDALTZAINAK](https://kontseilua.eus/wp-content/uploads/2024/09/IMG-20240919-WA0044-1024x769.jpg)
Elkarretaratzea Donostian, udaltzaingoa euskalduntzearen aurkako sententzia atzerakoiari erantzuteko
Atzo jakin genuen EAEko Auzitegi Nagusiak ez duela tramiterako onartu Donostiako Udalak udaltzain izateko euskarazko B2 maila baliogabetzen zuen sententziaren aurka aurkeztutako kasazio helegitea. Pasa den irailean, sententzia hura salatuz egindako elkarretaratzean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Elkarteak babesa adierazi zioten Donostiako Udalari epai injustu eta atzerakoiaren aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eraman zezan.
Herritarren segurtasuna eta eskubideak arriskuan
Larritasunez bizi dugu azken erabaki hau, izan ere, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena eta hauen segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzakeelako.
Hain zuzen, Donostiako herritarren hizkuntza-eskubideak etengabe urratzen dira Udaltzaingoarekin izaten dituzten harremanetan. Horren erakusgarri Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako kexa eta salaketa ugariak. Adibide gisa, herritar batek Donostiako komisaldegian jasotako erantzuna:
«Donostiako Udaltzaingoaren komisaldegira gerturatu gara salaketa bat jartzera. Ekainaren 18an, arratseko 7tan. Bertako harreran euskaraz “Salaketa bat jartzera gatoz” esan eta harrerako udaltzainak “Mal empezamos. Si no me hablas en castellano no nos vamos a entender” erantzun. Salketa bikoitza da hau: 1.- Donostiako Udaltzaingoaren komisaldegian euskaraz ez artatzea. 2.- Gure hizkuntza erabiltzeari horrelako erantzunak ematea. Gainera, parean “Udalean ere euskaraz” zioen kartel handi bat nuen. Lotsagarria!»
Tamalez, epaitegien azken erabaki honek, euskaraz bizi nahi duten donostiarrak bigarren mailako herritar izaten jarraitzera kondenatuko ditu. Horregatik, gogor salatu nahi dugu botere judizialaren injerentzia hau, udalei dagokielako herritarrekin harremana izango duten langile publikoei dagokien hizkuntza eskakizuna zehaztea, hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren hizkuntza politikak erabaki eta aurrera eramatea.
Horregatik, zein hizkuntza-politika dagokigun epaitegietatik ezartzen ari zaizkigun honetan, gure eskubideak egiazki bermatuko dituen arkitektura juridiko berri bat aldarrikatzen dugu. Euskararen ezagutza eskubide sozial eta unibertsala izatea lortu eta euskaraz bizitzea posible egingo duen zoru berri bat. Izan ere, botere judizialak orain arte indarrean egon diren hizkuntza-politikaren joko arauak aldatu ditu, euskararen ofizialtasuna eta normalizazio prozesua blokeatzeraino.
Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Oldarraldiak ezarritako ziurgabetasun juridikoa gainditzeko lege aldaketarik egin ezean, auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.
Honenbestez, erabaki erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo hauen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak dei egiten diegu hizkuntza berdintasunean sinesten duten Donostiako herritar, eragile, sindikatu eta alderdiei datorren asteazkenean, hilak 12, 18:30ean Alderdi Ederren egingo dugun elkarretaratzean parte har dezaten.
Horrekin batera, gure babesa adierazi nahi diogu egun berean, 12:00etan, Donostiako Udal Langileen Batzordeak eta gehiengoa ordezkatzen duten ELA eta LAB sindikatuek deituriko elkarretaratzeari. Euskaraz artatuak izateko herritarren eskubidea ez ezik, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea ere baitago jokoan.
Astigarragako eta Usurbilgo udalei jarritako helegiteak
Ildo beretik, Astigarragako eta Usurbilgo udalek, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera, udaltzain berriak hautatzeko deialdien kontra helegiteak jaso dituztela adierazi dute aste honetan egindako agerraldian. Kasu honetan, lanpostuetarako 3. hizkuntza eskakizuna “gehiegizkoa” dela argudiatzea izan da helegiteen funtsa.
Oraindik epai irmorik ez bada ere, Euskalgintzaren Kontseiluak bere babesa adierazi nahi die bi udalei, herritar guztien eskubideen defentsan eta euskararen normalizazioaren alde lanean irmo jarrai dezaten. Era berean, Kontseiluak hurbiletik jarraituko du prozesu honen ebazpena, emaitzaren arabera erantzun bateratu bat antolatzeko.
–
–