Euskarari gutxienez gaztelaniak duen estatus bera aitortzeko eskatu dugu Kontseiluak, ELAk eta LABek
Pasa den astean, Bilboko eta Donostiako auzitegiek hiru sententzia atera zituzten langile publikoek euskara ezagutzeko beharra baliogabetuz. Bata, Gipuzkoako Foru Aldundian administrari jarduteko, eta beste biak, Bizkaiko Foru Aldundiko zeladore eta GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean gizarte integratzaile izateko.
Gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarretaratze bikoitza egin dugu Bilbon (Justizia Jauregiaren aurrean) eta Donostian (Gipuzkoako Diputazioan) euskaraz lan egiteko eskubidearen alde eta auzitegien oldarraldi euskarafoboaren aurka.
Hiru eragileek adierazi dugu Eusko Legebiltzarrean Funtzio Publikoaren Legea egokitzeko eztabaida ezin dela mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera, eta egungo hizkuntza-eskakizunen paradigma gainditu eta euskarari, gutxienez, gaztelaniak duen estatus bera aitortzeko eskatu dugu.
Jarraian aurkituko dituzu Bilbon eta Donostian irakurri diren bi adierazpenak.


DONOSTIAKO ELKARRETARATZEAN IRAKURRITAKO ADIERAZPENA
Gaur elkarretaratze bikoitza egin dugu. Une honetan gure kideak baitaude Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, gu hemen bezala, euskaraz lan egiteko eskubidearen alde eta oldarraldi euskarafoboaren aurka.
Izan ere, Sententziaz sententzia euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da botere judiziala. Hauen arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea, gaztelaniaren pribilegio estatusa zalantzan jartzea.
Esaterako, GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurkako sententzian bertan azaltzen da euskaraz artatua izatea eskatzen duten herritarren herenari sistematikoki urratzen zaizkiola bere hizkuntza eskubideak eta gaztelaniaz aritzera behartzen zaiola. Hala ere, urraketa horri konponbidea jarri asmo zion lan deialdia bertan behera utzi du epaileak.
Hau da botere judizialak ontzat ematen duen markoa, oldarraldiarena, gaztelaniaren erabateko nagusitasunarena, euskara betiko minorizatuta nahi dutenena.
Epaileek hizkuntza-politikaren joko arauak aldatu dituzte eta jada arazoa ez da euskararen normalizazioan ezin dela aurrera egin, baizik eta orain arte izandako zorua bera dagoela kolokan. Euskararen desofizializazioa prozesu bat da hau eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago.
Hau guztia, hain zuzen, administrazioa euskalduntzeko aukera historikoa dagoenean heldu da. Hor dago Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarlanean administrazioa 15 urtean euskalduntzeko egindako proposamena. Datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta inoizko belaunaldi euskaldunduena letorke hauen lekua hartzera. Orain da unea, jauzirako baldintzak badaude.
Horregatik, mobilizazio sozialari esker Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eztabaida epaitegietatik Eusko Legebiltzarrera eramatea lortu den honetan, dagokien arduraz joka dezaten dei egiten diegu ordezkari politikoei. Eztabaida horren emaitza ezin da mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera. Ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatuko duena. Gutxienez gaztelaniak duen estatus bera aitortu behar zaio euskarari, berdintasun juridikoa oinarri, berdintasun sozial eta linguistikoa helburu.
Asko da orain arte aurreratu dena, baina dena gero eta azkarrago doan mundu honetan, euskararen normalizazioa ere azkartu beharra dago, atzean geratuko ez bada. Paradigma berri bat behar dugu erronka berriei aurre egiteko, botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko, behingoagatik administrazio euskaldun bat izateko eta orain arteko iraupen logiketatik, euskararen normalizazio erreal baterako jauzia emateko.
Hizkuntza larrialdian gaude, orain arteko bideak ez dira aski. Larrialditik indarraldirako jauzia emateko pizkunde berri bat eragin behar dugu.
Euskararen etorkizuna dago jokoan. Euskaltzaleon garaia da!
Donostian, 2025eko azaroaren 24an

BILBOKO ELKARRETARATZEAN IRAKURRITAKO ADIERAZPENA
Beste sententzia bat, beste kolpe bat euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aurka. Bi urtean ehun sententziatik gora. Bistan da, arazoa ez da euskararen normalizazioan ezin dela aurrera egin, baizik eta orain arte izandako zorua bera dagoela kolokan. Are, jada ez dago sententzien beharrik, hauen mehatxua aski da erakunde batzuk murrizketak egitera behartzeko. Euskararen desofizializazio prozesu bat da hau eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago.
Hau guztia, hain zuzen, administrazioa euskalduntzeko aukera historikoa dagoenean heldu da. Hor dago Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk administrazioa 15 urtean euskalduntzeko elkarlanean egindako proposamena. Datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta inoizko belaunaldi euskaldunduena letorke hauen lekua hartzera. Orain da unea, jauzirako baldintzak badaude.
Gaurkoan, gainera, ez gaude bakarrik. Une honetan gure kideak daudelako Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, gu hemen bezala, euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzen. Izan ere, luze da, luzeegi, botere judizialaren esku-hartze honen aurrean konponbidea eskatzen gabiltzala. Baina ahalegina ez da alferrik izan, lortu dugulako eztabaida epaitegietatik Eusko Legebiltzarrera, dagokion lekura, eramatea.
Hori bai, ordezkari politikoei dagokie orain ausardiaz jokatzea. Eztabaida horren emaitza ezin da mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera. Ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiei, ez soilik euskararen ezagutza, baizik eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatuko diena. Badugu horretarako aukera, baditugu baldintzak. Balia ditzagun.
Asko da orain arte aurreratu dena, baina dena gero eta azkarrago doan mundu honetan, euskararen normalizazioa ere azkartu beharra dago, atzean geratuko ez bada. Paradigma berri bat behar dugu erronka berriei aurre egiteko, botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko, behingoagatik administrazio euskaldun bat izateko eta orain arteko iraupen logiketatik, euskararen normalizazio erreal baterako jauzia emateko.
Hizkuntza larrialdian gaude, orain arteko bideak ez dira aski. Larrialditik indarraldirako jauzia emateko pizkunde berri bat eragin behar dugu.
Euskararen etorkizuna dago jokoan. Euskaltzaleon garaia da!
Bilbon, 2025eko azaroaren 24an
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
