Kontseiluak positiboki baloratu du Euskotreneko hautaprobetarako euskarazko eskakizuna ontzat jo duen epaia
Euskotreneko lanpostuen egonkortze prozesuaren baitan, UGT sindikatuak salaketa aurkeztu zuen lanpostu guztietarako euskarazko B2 eskakizuna baliogabetzeko eskatuz. Pasa den astean izan genuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-Arloko Salak salaketa horren aurka emandako epaiaren berri.
Kontseiluak adierazi du berri ona dela Euskotreneko erabiltzaileek zerbitzua euskaraz jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatzeko bidean aurrera urrats garrantzitsu bat delako. Era berean, nabarmendu du sententzia honek agerian uzten duela azkenaldian bolo-bolo dabilen lan-eskubideen eta hizkuntza-eskubideen arteko dikotomia faltsua, langileek negoziazio kolektiboaren bitartez erdietsitako lan-hitzarmena izan baita kasu honetan hizkuntza-eskubideen berme. Izan ere, 2015eko lan-hitzarmenean sinatu eta Euskara Planean onetsi zuena inpugnatzen saiatu da UGT, azkenaldian oldarraldi judizialaren baitan, epaitegietatik ez ezik, beste hainbat sektoretan ere gordintzen joan den euskarafobia agerian utziz.
Ildo beretik, bere kezka adierazi du Kontseiluak, sententzia honen arabera eta oldarraldi judizialaren bidez ezarritako doktrina berriaren baitan, euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzeko segurtasun juridiko handiagoa eskaintzen duelako (negoziazio kolektiboaren bidez sinatutako) lan-hitzarmen batek, horretarako betebeharra eta arkitektura juridiko oso bat duen administrazioaren zoru legalak baino.
Hala, euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna gero eta handiagoa den honetan, ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan behar dugun jauzia eman ahal izateko urrats ausartak eman eta segurtasun juridikoa emango dion lege oinarri berri bat garatzea euskararen biziberritze prozesuaren aro berrirako. Larrialdi linguistiko betean gaude eta errezeta berriak behar dira.
Horrekin batera, Kontseiluak bere babesa adierazi nahi die euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden eragile sozial, sindikal eta politikoei eremu sozioekonomikoan Euskara Planen eta lan hitzarmenen bidez euskararen aldeko neurriak txertatzen jarrai dezaten.
Azken finean, euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsak ematea da: justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea, askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa.