Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza-eskakizunen aurkako sententziaren balorazioa

2026ko otsailaren 11a

Gaur jakin dugunagatik, CCOO Euskadik jarritako helegitearen ondorioz, Donostiako epaitegiak bertan behera utzi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren 34 administrazio orokorreko teknikariren lan deialdia, langile publikoei euskararen ezagutza eskatzea “gehiegizkoa” dela iritzita. Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du erabaki honek Diputazioaren funtzionamenduan eta zerbitzu publikoetan euskararen sustapena eta normalizazioa kaltetuko dituela, eta herritarren eskubideen urraketak betikotu.

Botere judizialak, beste behin, hizkuntza-politika egiteko eskumena bereganatu eta baldintzatu nahi du, euskara gaztelaniarekin parekatu nahi izatea “gehiegizkotzat” joz eta euskara eta euskaldunak gutxietsiz. Euskararen egoera kinka larrian dagoen momentu honetan, oso kezkagarria da erabaki honek eragingo dituen atzerapauso eta arriskuak.

Honen aurrean, administrazio publikoko langile guztiak elebidunak (euskara eta gaztelania, biak jakitea) izan behar direla aldarrikatu du Kontseiluak, herritar guztien eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko bide bezala. Horretarako, gogora ekarri du 15 urtean administrazioa euskalduntzeko euskal gehiengo sindikalarekin batera adostutako proposamena, eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Funtzio Publikoaren Legearen bidez hizkuntza-eskakizunen paradigma gainditzeko beharra aldarrikatu du.