«Legezko zoru bat euskararentzat» jardunaldien kronika
Oldarraldi judizialaren harira, urriaren 28an jardunaldiak egin zituzten Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetzan Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean, azaroaren 4an Bilbon euskararen normalizazioaren aurka ebatzi diren sententzien aurrean desadostasuna erakuste aldera egingo den manifestazioaren atariko. Hemen duzue Berria Telebistak grabatutako saioa eta Arantxa Iraola kazetariak jasotako kronika.
Lehen solasaldian Iñigo Urrutia legelaria eta Unai Iturriotz abokatua aritu ziren, Zelai Nikolas legelariak gidatuta. Biek ala biek egungo lege esparruaren mugez ohartarazi zuten, horiek gainditze aldera. «Euskararen normalizazio prozesuari eusten dioten zutabeak kolokan daude. Guztiz hauskorrak dira» esan zuten. Hainbat eratan formulatuta, baina ideia horrekin lotutako mezuak behin eta berriz adierazi zituzten. «Eraso sistematikoez» mintzatu zen Urrutia. Eta hori elikatzen duten diskurtsoez: normalizazio prozesuarekin “urrutiegi” joan izanaren ustea gailendu da bere ustez zenbait sektoretan. «Oldarraldiak aurpegi asko ditu, agerikoenak epaiak dira, baina atzean dago diskurtso politikoaren aldaketa bat ere», argudiatu zuen. Aldaketa horren ondorioz «euskara ez dakitenen eskubideak» defendatzeko mezuak gero eta ozenago entzuten direla nabarmendu zuen. Horien atzean dagoen ideia okerra dela adierazi behar da, ordea: «Izan ere, gaztelania ez da hizkuntza hauskorra. Euskara da hizkuntza hauskorra». Euskara Euskal Herriko hainbat tokitan ofizial izateaz harago, «hizkuntza propioa» ere badela gogoratu zuen, gainera. «Eta hizkuntza propioari bultzada berezi bat eman behar zaio». Hori aski motibo bada Urrutiarentzat euskararen aldeko neurriak defendatzeko. Hori aintzat hartu gabe, ordea, igaro hilabeteetan euskararen normalizazioa eragozte aldera ebatzi diren ebazpenak ugariak eta askotarikoak izan direla gogoratu zuen.
«Etengabea» da
Nafarroako egoeraz mintzatu zen, bereziki, Unai Iturriotz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oldarraldiaren gaineko mezuak azken hilabeteotan ozendu badira ere, foru erkidegoak euskarari ematen dion lege babes urriaren gaineko kezkak soka luze eta korapilotsu bat direla gogoratu zuen. «Oldarraldia dago, eta etengabea da aspalditik». Nafarroan, gainera, legez, «berezko hizkuntzak» bi direla zehaztu zuen: gaztelania eta euskara. Horrek zenbait urrats zailtzen ditu Iturriotzen iritziz. Ofizialtasunaren arabera Nafarroa hiru eremu administratibotan banatuta egon arren, herrialde osoan dira orokorrak erasoak, zailtasunak, trabak. Zona euskaldunean askotan ikusten ditu Iturriotzek. «Badirudi ezin zaiola lehentasunik eman euskarari». Argudio juridikoetan «koofizialtasun batetik subofizaltasun batera igarotzen» ikusten du usu euskarari ematen zaion estatusa. Eremu mistoan ere aski ohikoak dira trabak: «Auzi juridiko gehienak zona mistoan egon dira. Ziurgabetasuna da nagusi, ez dago ziurtasun juridikorik». Areago «atzera pausoak» ere ikusi ditu sarri askotan berriki.
Nola egin aurrera
Ataka horietan zer egin behar den galdetu zien Zelai Nikolasek hizlariei. Nafarroaren kasuan «ofizialtasunaren» egoera aldatzea ezinbestekoa da Iturriotzentzat. «Marko honetan euskarak ezin dezake aurrerapen funtsezkorik egin. Handira jokatzea litzateke marko juridikoa aldatzera joatea», argudiatu zuen. Bitartean «txikira» ere jokatu daiteke, jokatu behar da, baina zailtasuna gehiegi ikusten ditu sarri bidean. «Euskaldunok halako paralisi eta autozentsura batean gaude. Aldiz, euskarafoboak oldarraldian daude». Antolatuta ikusten ditu. Hizkuntza eskakizunak jartzen diren aldiro, esaterako, «sistematikoki» paratzen dituzte aurkako helegiteak: «Hori antolatuta dago». Eta horri aurre egiteko konbentzimendu bera behar da, ahalegin oraindik handiagoa: «Ahaldundu beharko dugu euskaldunok, eta autozentsuratik irten». Neurri zehatzetara begira, 2017an administrazioan euskararen erabilera arautzeko onartu zen dekretuaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen, eta ondoren justiziak «kimatu» bazuen ere, orain Nafarroako Gobernuari eskatu beharko litzaioke hura berriz «osatzea», lehengoratzea. Lan ondo eginda ere, kontrako epaiak maizegi jasotzen direla onartu zuen, eta indarrak batzea garrantzitsua dela aurrera egite aldera. «Nafarroan gure arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetu behar ditugu, sinergiak baliatu behar ditugu». Hor hobeto funtziona daitekeela pentsatzen du. «Adibidez, ordenantza asko zaharkituta daude. Izan ditzagun irizpide zuzen batzuk».
Urrutiak gaiari buruzko gogoeta maila politikoan egin behar dela uste du. «Nik uste dut euskal gizartean badagoela une honetan debate hau, eta bide eman behar lioke debate politiko bati». Hortik adostasun politiko berri bat lortu behar litzateke juridikoki bidea emateko euskarari normaltasuna eta naturaltasuna emango dizkion estatus bati. «Eta arlo hori erabat blindatu beharko litzateke». Oraingoaren gisako egoerak saihesteko. «Euskal Herriak erabaki behar du zein diren euskararen normalizazioaren helburuak, ez epaileek». Hegoaldeko errealitatera begira, Espainiako Estatuarekin horren gaineko itun bat lortu behar dela uste du. Iparraldean lege babesa oraindik ere apalagoa den arren, han ere gaia lehen lerrora eraman behar dela uste du. Erkidegoetako lege propioetan ere aldaketak egin behar diren iritzia du Urrutiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Euskararen Legea bera, esaterako, “askatasunetan” oinarritzen dela azaldu zuen, euskarazko ereduak bermatzean, baina gaztelaniazkoei ere tokia egitean: hortxe daude, esaterako, erdarazko hedabideak, euskara ikasgai gisara besterik onartzen ez duen hizkuntza eredua… Murritzegia deritzo Urrutiak ikuskera horri: «Sistema integratzaile baten aldeko apustua egiteko garaia da». Eta ekitekoa. «Uneon dugun jurisprudentziarekin, gure politikariek ez badute ezer egiten, zulora goaz».
Hizkuntza eskubideen inguruan
Hizkuntza eskubideen inguruan ardaztuta egon zen jardunaldietako bigarren saioa. Aurrena Kataluniatik mintzatu zen Benet Salellas hizkuntzalari eta abokatua. Online hartu zuen hitza. «Hizkuntza eskubideak eskubide kolektiboak dira», zehaztu zuen. Giza eskubideen gaineko kontzientzia eskubide indibidualen gainean eraikitzen joan zela gogoratu zuen, eta kontzientzia falta dela usu ondoren garatzen joan diren beste eskubide batzuen inguruan.
Ikuspegi juridiko batetik, hein batean, hizkuntza eskubideak “hastapenetan” daudela adierazi zuen, eta trabak handiak izaten direla askotan. Canet de Marren (Bartzelona) guraso batek murgiltze ereduaren aurka abiatutako auzibidean abokatu jardun du, eta esperientzia horretan jasotako gogoetak partekatu zituen, besteak beste. Katalunian epaile gehienak ez direla bertakoak adierazi zuen, eta traba izaten dela hori; aktibismo judizial bat ere bada hizkuntza eskubideak ez onartzeko bidean.
Garabidetik Andoni Barreñak hitz egin zuen. Ameriketako komunitate indigena hainbatekin hartu-emana du, eta haiekin izandako esperientzietatik zer ikasi duen kontatu zuen. Eta usu legearen aldetik egiten diren aldaketen atzean dagoen iruzurra izan zuen hizpide. Elebitasunaren eta kulturartekotasunaren izenean hartutako erabaki askoren bidez, esaterako, ororen gainetik umeak “gaztelaniaduntzea” lortu dela salatu zuen. Egindako urrats askok, halaber, sinbolikoki garrantzi handia dutela onartu zuen, baina praktikan ez dutela ekarri hizkuntza gutxituetan ari direnen ahalduntzerik. Izan ere, baliabideak eta formakuntza urriak izan dira askotan.
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan zen Paul Bilbao, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sustatzeko prozesuan parte hartu zuen, eta hizkuntza eskubideak onartzeko bidean oraindik urrats handiak egin behar direla uste du. «Gabezia handi bat ikusten dut, ez dago mundu mailan kontsiderazio bat hizkuntza eskubideak giza eskubide gisara hartzeko». Hor sakontzera deitu zuen. «Giza eskubideen diskurtsoa geure egin behar dugu; borroka hori guk irabazi behar dugu».