Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua da
Gaur jakin dugu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman duela. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren kontrakoa, hain zuzen. Epaileek 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak osorik eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal baliogabetu dituzte.
Euskararen aldeko politika publikoak ukatzen dituen sententzia
Dudarik gabe larritasun handikoa da epai hau. Larritasun handikoa. Uztailean adierazi genuen Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen artikulu bat partzialki baliogabetuz emandako epai hark zuen larritasuna, eta hau nolabait haren ildokoa eta luzapen bat da.
Gogoratu beharra dago, Konstituzio Auzitegiak 6.2 artikulua soilik baliogabetu zuela eta bertako bi epaile ebazpenaren aurka agertu zirela, boto partikularra aurkeztuz, “orain arte eraikitako koofizialtasun erregimenarekin” bat ez zetorrelako eta aurreikusi ezinezko ondoriok izan ditzakeen “doktrina aldaketa” bat suposatzen zuelako.
Larritasuna areagotzen du, hain zuzen ere, Udal Legearen garapen dekretua izanik erabat edo hein handi batean baliogabetzen dituelako udal eremuan une honetan aurrera eraman daitezkeen euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak, euskararen sustapen politikak. Funtsean, ezartzen duen zorua da ez duela aintzat hartzen euskararen eta euskal hiztunen egoera minorizatua.
Azken sententzia honek ukatu egiten ditu euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarri direnik. Udal Legean eta garapen dekretuan herritar guztien eskubideak hartzen dira aintzat, eta hor proposatzen diren eta orain auzitegiak baliogabetu dituzten neurriekin inongo herritaren eskubideak ez dira kaltetzen, baizik eta euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzearen aldeko neurriak dira hartzen direnak. Politika publikoen egitekoetako bat hori da, beste hainbat arlotan ikusten dugun bezala: gutxiagotasun egoeretan dauden kolektibo eta egoerak zuzentzeko erabiltzen dira politika publiko horiek.
Botere judizialetik hizkuntza-politika egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka. Izan ere, epai guzti hauek euskararen normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen ari dira. Beraz, kezkaz eta oso arduratuta jaso dugu epaia. Zoritxarrez, argudio bat gehiago ematen digu datorren azaroaren 4an oldarraldi judizial hau salatzeko Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Bilbon egingo den manifestaziorako deia berritzeko. Zoritxarrez diogu, nahiago genukeelako oldarraldiak etena izatea eta egiaz momentu honetan euskararen normalizazioak eta biziberritzeak honela –euskal hiztunek eta euskal hiztunen bizitza bizigarriek– behar dituzten horien noranzkoetan indarrak jartzea, eta ez epai hauen kontrako hesietan.
Azaroaren 4koa denok batera oldarraldi honi erantzun sendoa emateko hitzordua izango da. Baina oldarraldi judiziala ez da posible oldarraldi politiko eta mediatiko baten zoru diskurtsiborik gabe. Bestalde, azpimarratzekoa da Eusko Legebiltzarrean adostasun oso handiz hartutako legea zela Udal Legea, eta ondorioz, haren garapena den baliogabetutako dekretu hau. Eta, Udal Legearekin ere aipatu genuen bezala, euskal gizartean oso ordezkaritza murritza duen alderdi baten bulkadaz bultzatu dela epai hau, eta beraz, adostasun sozial oso zabal baten aurkakoak direla. Beraz, azaroaren 4koa da gertatzen ari den honi etena eta hesia jartzeko modua.
Alderdiei azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egiteko deia
Euskalgintzaren Kontseiluak elkartasun osoa helarazten die epaiak zuzenean kaltetutako udalerriei, UEMAri eta bertako biztanleei. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailari eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailari babesa agertzen diegu sententzia errekurritzeko.
Azkenik, irailaren 26an euskalgintzako ordezkariek esan genuen bezala, alderdi politikoei dei egiten diegu azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egitera. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin eta euskaraz bat egitera.
–