Udalek euskaraz jarduteko beharrezkoak diren lege aldaketak eskatzen dizkiegu Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari

2025ko apirilaren 11a

Gaur jakin dugu Espainiako Auzitegi Gorenak itxitzat eman duela 2016ko Udal Legea garatzen zuen 179/2019 Dekretuko bi artikulu baliogabetzearen aurkako kasazio-helegitearen prozesua. 2023ko urrian, EAEko Auzitegi Nagusiak, PP alderdi politikoaren helegite baten harira, udalek barne dokumentazioa euskara hutsean egitea ahalbidetzen zuen 18. artikuluko hainbat atal baliogabetu zituen, baita herritarrentzako jakinarazpen eta iragarkietan udalek euskara soilik erabiltzea jasotzen zuen 33.5 artikulua ere.

Orduan, euskalgintzak epaia oldarraldi judizialaren baitan kokatu zuen, herritarren borondateari muzin eginez, botere judizialak hizkuntza-politika baldintzatu eta murrizteko eskumena bereganatzen ari delako.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Gorenean epaiaren aurkako kasazio-helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen. Orain, jakin dugu PPren eskariz Auzitegiak ez duela helegiterako idatzia tramitera onartu Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek epez kanpo aurkeztu zutela iritzita, eta, ondorioz, erabakia irmoa dela. Halaber, Jaurlaritzari dagokion akatsa oso larria dela deritzogu.

Gogoratu behar da, erabaki honen oinarrian 2023ko uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak, VOX alderdiak jarritako helegite baten harira, Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen 2016ko Udal Legearen 6.2 artikuluaren baliogabetzea dagoela. Sententziarekin desados, auzitegi hartako bi epailek boto partikularra eman zuten, «doktrina aldaketa» bat suposatzen zuela eta «azken 40 urteetako koofizialtasun erregimenarekin amaitzea» zekarrela adieraziz. Egun gutxiren buruan, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetako eta 100dik gora udalerritako alkateekin batera agerraldia egin zen euskararen normalizazioaren aurkako sententzia salatzeko. Eta urte bereko azaroaren 4an, dozenaka mila herritarrek Bilboko kaleak hartu zituzten auzitegien jarrera salatzeko manifestazio batean.

Azpimarratu behar dugu sententzia honek udalak erabat babesgabe utzi dituela hainbat jarduera euskara hutsean egin ahal izateko. Erabaki honen berrespenak eta, beraz, sententzia irmoak Udal guztiei eragingo badie ere, bereziki kaltetuko ditu euskara nagusi den eremuetako udalak, UEMAkoak kasu, haietan dagoeneko hainbat jarduera euskara lehenetsiz egiten baitziren.

Ebazpen honek euskara bigarren mailako hizkuntza eta euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatzen ditu, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du. Egoeraren larritasunaz jabeturik, Kontseiluak dei egiten die Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari udalek euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren lege aldaketak erraztu ditzaten. Halaber, udalei dei egiten diegu herritar zein langileen hizkuntza-eskubideetan eta euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.  

Azkenik, Kontseiluak gogorarazi du traza bereko beste sententzia bat berandu baino lehen helduko dela. Hain zuzen, VOX alderdiak dekretu berari jarritako helegitearen ingurukoa. Kasu honetan, hamar puntu izan ziren 179/2019 Dekretuari EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zizkionak. Besteak beste, langile publikoek lehen hitza euskaraz egitea, zerbitzuen kontratazio publikorako hainbat eduki aurrerakoi edota euskara administrazioaren zerbitzu eta lan hizkuntza gisara jasotzen zituztenak. Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago auzia eta, oraindik ebatzi ez bada ere, aurrekoen bidetik erabaki atzerakoia izango dela aurreikusten baita.

Guzti honengatik, Kontseiluak dei egiten die euskararen normalizazioan eta hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten herritarrei, eragile sozialei, sindikatuei, alderdiei eta udalei ebazpen horren aurrean erantzun bateratu eta irmo bat emateko.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!