«Udaltzain guztiek euskara jakin behar dute». Getxon hizkuntza-eskubideen aldeko mobilizazioak deitu dituzte
Euskalgintzaren Kontseiluak eta LAB eta ELA sindikatuek oso larritzat jo dute euskara eskakizuna udaltzain berrien erdiei soilik ezartzeko Getxoko Udalak harturiko erabakia. Lehenik eta behin, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatzen dituelako. Izan ere, ugariak dira udaltzaingoarekin harremanetan herritarrek pairatzen dituzten eskubide urraketak, baita Getxon ere.
Era berean, bi udaltzainetik bakarrak euskara jakitea “nahikoa” dela azaltzen da, jasotako hizkuntza-eskubideen urraketek agerian uzten dutenean hori ez dela horrela. Gainera, bikoteko batek euskaraz ez jakiteak, de facto inposatzen du gaztelania lan hizkuntza bakar modura.
Azkenik, kasu honetan ez gaude egonkortze-prozesu batean aurrean, hutsetik abiatutako lan deialdi baten aurrean baizik. Ondorioz, ez da bermatzen lanpostua eskuratuko duten udaltzain gazteek euskararen ezagutza izango dutenik eta, beraz, eskubide urraketak harmarkadetan luzatu ditzake horrek.
Baina bada kasu hau bereziki larria egiten duen sakoneko beste ezaugarri bat: erabakia justifikatzeko erabili diren arrazoiak. Izan ere, botere judiziala izan da orain arte udaletatik eta, oro har, administrazio publikotik euskararen alde bultzatutako neurrien aurka egin duena, hauek “gehiegizkotzat” joz eta euskararen normalizazioa oztopatuz. Finean, hizkuntza-politika eginez, instituzioek horretarako duten eskumena baliogabetuz. Kasu honetan, baina, Udala bera izan da hizkuntza-berdintasunaren aurkako neurriak ezarri dituena, epaitegietatik jurisprudentzia bidez ezarritako doktrina atzerakoi, erreakzionario eta euskarafoboa bere eginez. Bereziki larria da hau, erabaki honek atea irekitzen baitio oldarraldi judizialaren fase berri bati.
“Errealitate soziolinguistikoa” aipatzen da Udaletik euskararen aldeko neurrien mugatzea justifikatzeko. Hala ere, hizkuntza-eskubideen eta lan-eskubideen dikotomia faltsua zabaldu nahi den honetan, gehiengo sindikala argi eta garbi paratu da euskararen normalizazioaren alde. Legebiltzarrean ere, gehiengo nabarmen bat da euskaltzaletasunean kokatzen dena, zeina iazko azaroaren 4an oldarraldiaren aurka kalera atera zen Bilbon. Are, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren % 75ak ezinbestekotzat jotzen du langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea. Eta, azkenik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako salaketek ageria uzten dute administrazioak ez duela bermatzen norberak nahi duen hizkuntza artatua izateko eskubidea. Hori guztia ere bada, “errealitate soziolinguistikoa”. Argi dago beraz, gizartean adostasun zabala dagoela euskararen normalizazioan aurrera egin eta administrazioa euskalduntzeko urrats ausartak ematearen alde.
Oztopo guztien gainetik, Kontseiluak, LAB eta ELAk dei egiten die euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden alderdiei hizkuntzaren auziari berez dagokion zentralitatea eman diezaioten eta euskararen normalizazio prozesuak eskatzen dituen konpromiso eta neurriak har ditzaten. Urratsak emateko segurtasun juridikoa bermatuko duen lege aldaketa bat urgentziazkoa da, administrazio erabat elebidun bat delako hizkuntza-eskubideak egiazki berma ditzakeen bakarra.
Honenbestez, Kontseiluak, LAB eta ELAk elkarretaratzea egin dute urriaren 31n, 11:00etan Getxoko Udaletxe aurrean, herritar zein langile guztien hizkuntza-eskubideak defendatu eta Udalari eskatzeko erabaki hau bertan behera utz dezala.
Bestalde, azaroaren 4an, astelehenarekin, herritarrek deitutako bi mobilizazio egingo dira Getxoko auzoetan, 19:00etan Algortako Telletxe plazan eta Romoko Santa Eugenia plazan.
–