Adostasunaren bidetik hizkuntza-politika berri baten premia dagoela adierazi dio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako lehendakariari
Gaur, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Gobernuaren bozeramailearekin bildu dira Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Aize Otaño Kontseiluko lehendakaria eta Joanmari Larrarte zuzendaritzako kidea. Lehendakaritzako egoitzan egindako bileran, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiaren eta euskarak aurrera begira dituen erronken inguruko kezka partekatu dute bi aldeek, eta Kontseiluak hizkuntza-politiketan jauzi bat ematearen premia dagoela adierazi die.
Oldarraldiaren aurreko kezkatik, hizkuntza-politikan jauzia ematea
2003. urtean, Euskaldunon Egunkariaren indar bidezko itxieraren testuinguruan, batu zen azken aldiz Kontseilua hiru herrialdeetako lehendakariarekin. Hogei urte beranduago, eta azaroaren 4an Bilbon hamarka mila herritar euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestatu eta gero, elkartu dira berriz bi aldeak.
Kontseiluko ordezkariek azkenaldian epaitegietatik euskararen biziberritzearen aurka emandako sententzien gaineko kezka partekatuz ekin diote bilerari. Izan ere, lege, dekretu, lan deialdi eta zerbitzu esleitze desberdinei buruz eman diren sententziak izan arren, guztiek euskararen normalizaziorako bide diren neurrien aurka ebatzi dute. Horregatik, epai isolatuetatik harago doan auzitegien joera hori oldarraldi judizialaren baitan kokatu du Kontseiluak, eta euskalgintzatik emandako erantzunaren ibilbidea aurkeztu dio.
2023ko martxoan, Kontseiluak bere batzar nagusiak onartu zuen adierazpen bateratuan ohartarazi zuen oldarraldi honi aurre egiteko modu egokia adostasun sozial eta politikoak zabalduz hizkuntza-politikaren gaineko akordio berri bat bultzatzea eta osatzea dela. Ordutik, maiatzean euskalgintzako askotariko eragileek prentsaurreko jendetsua egin zuten Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean, eta azaroko manifestazioa iragarri zuten. Jarraian, uztailaren hasieran Espainiako Konstituzio Auzitegiaren epaia iritsi zen, Udal Legearen aurkakoa, eta 170 alkate eta udal hautetsirekin batera agerraldia egin zuen euskalgintzak toki berean.
Urrian, EAEko Auzitegi Nagusiak tokiko administrazioetan euskara normalizatzeko dekretuaren aurka ebatzi zuen, oldarraldiaren kolpe berri batean. Egun horietan emandako adierazpenetan, Iñigo Urkullu lehendakariak euskara une honetako lehentasun politikoetan ezarri zuen. Eta azaroaren 4an, hamarka mila herritarrek aski dela adierazi zuten, oldarraldia salatuz eta hizkuntza-politiketan aurrera egiteko beharra aldarrikatuz.
Egun hartan, Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi zuen euskara adostasunerako bide dela, eta ez segregazio eta liskarrerako elementu bat. Horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera begira dituen erronkei aurre egiteko akordio sozio-politiko berri baten beharra aldarrikatu zuen, hizkuntza-politikan jauzi bat emateko.
Adostasun zabalak lantzeko konpromisoa
Gaurko bileran, Kontseilua adostasun horiek sakonki lantzeko konpromisoan berretsi da, jauzi hori adostasun sozial ahalik eta handienarekin egitea baita Kontseiluaren iparra. «Borondate horren erakusgarri da Kontseiluak 2021ean abiatutako Batuz Aldatu dinamika. Dinamika horren bidez, euskal gizartean esanguratsu diren ehundik gora askotariko eragilek bat egin dute euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi oinarriekin: ezagutza unibertsalizatzeko helburuarekin eta erabilerarako gune erosoak sortu eta zabaltzekoarekin» esan du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.
«Sinetsita gaude bi oinarri horien gainean adostasun sozial zabala eraiki daitekeela, hizkuntza-politiketan sakontzeko akordio politiko zabal baterako bide izan daitekeena. Beraz, datozen hilabeteetan geruza desberdinetako harremanen lanketan segiko du Kontseiluak, oldarraldiari aurre egitetik euskararen normalizazioan aurrera egitea ekarriko duen akordio soziopolitiko berri baten bila» gehitu du Eskisabelek.