«Bizi gaitezen» – Xabier Mendiguren Bereziarturen omenezko hitzak
Idurre Eskisabel Larrañaga – Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
BERRIAn idatzitako artikulua (2023-10-04)
–
Nola diren gauzak: heriotza baten inguruan idatzi behar eta bizi da, behin eta berriro, burmuinera bezala bihotzera eta teklatuan lerrook osatzen ari diren hatz puntetara datorkidan hitza. Badirelako hiltzen direnean ere bizitza ekartzen diguten pertsonak —beharbada, hiltzen direnean bereziki—. Dudarik gabe, horien multzokoa da nire baitan Xabier Mendiguren Bereziartu. Izan ere, batzuen jardun eta ekarpen oparoa ezin da inola laburbildu bizitzak eransten duen dimentsiorik gabe. Ikastoletan, testuliburugintzan, itzulpengintzan, Kontseiluaren sortzaile eta aurreneko idazkari nagusi… Hil zaigula jakitean halaxe idatzi nuen sare sozialetan, euskarri horiek nahi eta nahi ez ezartzen dizkiguten hitz murriztuetan: «Euskaraz bizi ahal izateko bizitza bat euskararentzat».
Bizi, bizitza. Hortxe, azken batean, Xabierren tema: euskara bai, baina bizi ahal izateko, bizitzeko, bizitzarako. «Datozen belaunaldiak alor guztietan euskaraz bizi daitezen da helburua», esan eta azpimarratu zuen, hain zuzen ere, 1998ko abenduaren 20an Euskaldunon Egunkaria indarrez itxian egin zioten elkarrizketan. Testuinguru zehatza zuen elkarrizketak: 60koetan abiatutako Pizkundearen tresneria dagoeneko bereak (aberats eta ugariak) emanda kamusten, eta mende berriarekin batera erronka berri eta handiak euskararentzat, hau da, euskara jendearentzat. Salda horretan egosi zen Kontseiluaren sorrera, hain zuzen ere, euskalgintzaren tresneria berritzeko, erronka berrietara egokitzeko. Arestian aipatutako lerroburuan Xabierrek ederki bildu zuen ahaleginaren muina, lau taupadatan: datozen belaunaldiak/alor guztietan/euskaraz/bizi daitezen. Euskara bai, bai baina bizi ahal izateko, bizitzeko, bizitzarako eta bizimoduko eremu guztietarako.
Auzia ez baita euskarak, hizkuntza batek, bizirik irautea. Oso bestelakoa da kontua. Ezinbestean, hiztunez ari baikara hizkuntzez ari garenean, jendeaz, gorputzez, bizitzez. Bizitzaz, bizitzeaz. Azken batean, euskara jendeon bizitzez, bizimoduez, bizigarritasunaz, bizi kalitateaz. Bizi gaitezen tematu zen Xabier bere bizitza guztian; euskara jendeok bizi gaitezen bizitzaren esanahi eta dimentsio osoan.
Nola diren gauzak: euskalgintza Kontseilua sortu zeneko aldarte bertsuan dagoen unean hil zaigu Xabier. Abaila bizian doa mundua. Gero eta azeleratuago aldatzen da, eta, horrenbestez, gero eta azeleratuago agortzen zaizkigu ereduak, eragiteko bideak. Kamustu egin zaizkigu orain 25 urte sendo ez ezik distiratsu erditu genituen tresnak. Eman dute berena. Euskalgintza askotariko eta zabalean horri buruz bada akordioa ez ezik adostasuna. Argi dugu lanabes berri eta indartsuak behar ditugula. Zoritxarrez, ordea, kontrara ari zaigu orain ere betiko haizea, euskara jendeaz gain hizkuntza berdintasun eta aniztasuna jomugan dituena: tresna berriak behar ditugunean kamustuta ditugunak ere ebasten.
Horregatik elkartuko gara azaroaren 4an Bilbon. Eta gauza bat badakit: Xabier han izango dela gurekin, bizi-bizirik.