Euskararen aitortza eta baliabideak eskatu ditugu Baionako Euskal Museoaren aurrean, eta abenduaren 27an euskaltzaletasunari Pizkunde berri bat ematera deitu dugu

2025ko azaroaren 17a

Euskaraz inprimatutako lehen liburua, Bernat Etxepareren ‘Linguae vasconum primitiae (1545), duela egun gutxi itzuli zen Euskal Herrira, jabetzan hartua duen Frantziako Liburutegi Nazionalaren meniaz. Baina bi hilabeterako baino ez da izango Baionan, berriz Parisera eraman aurretik. 

Honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Baionako Euskal Museoaren fatxada argiztatu dugu, proiektore batekin «Aitortza eta baliabideak, euskara jalgi dadin beti. Euskaltzaleon garaia da» idatzita.

Ekintza honen bidez, euskalgintzako bi erakundeek euskararen aitortza handiagoa eta baliabideak eskatu dituzte, eta abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den ekitaldian euskaltzaletasunari Pizkunde berri bat ematera deitu dugu. Sarrerak eta informazio guztia: www.pizkundea.eus webgunean.


ADIERAZPENA

Euskararen aitortza eta baliabideak eskatu ditugu Baionako Euskal Museoaren aurrean, eta abenduaren 27an euskaltzaletasunari Pizkunde berri bat ematera deitu dugu.

“Euskara, jalgi hadi plazara!”. Bernat Etxeparek hitz horiek izkiriatu zituenean, bere hizkuntzan, gure hizkuntzan, lurralde honetako berezko hizkuntzan, inprimatutako lehen liburua osatzeaz gain, etorkizun dei bat egin zuen euskararentzat, euskal hiztunentzat. Berdintasun leku baten aldarria.

Gaur, 480 urte geroago, gibelean dugun Baionako Euskal Museoan dago Etxepareren liburua… Berezko beharko lukeen lekuan… edo, behintzat, egiaz berezko duen Garazitik hurbil. Baina, zoritxarrez, bi hilabeterako baino ez da izango ‘Linguae Vasconum Primitiae’ Euskal Herrian, Frantziako Liburutegi Nazionalak hartua baitu jabetzan, eta haren ‘baimenari’ esker da denbora tarte batez bere lurraldean. Horiek hola, euskararentzat eta euskal herriarentzat garrantzi handia duen liburu hori euskal herriaren esku ezarria izan dadila eta Euskal Herrian egon dadila eskatzen dugu.

Gaur, Bernat Etxeparek euskararentzako etorkizun dei hura egin eta 480 urtera euskaraz ari gara hemen. Bizirik ekarri dugu euskara gaurdaino. Baina oraindik urrun du berdintasuna. Hain zuzen ere, liburuarekin gertatzen ari denak ederki azaltzen du zein den 2025 honetan euskarak –eta euskal hiztun komunitateak– Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan bizi duen egoera. Frantziako Estatuak ‘baimendu’ egiten ditu euskararen aldeko politika eta baliabide murritz batzuk, baina oso-oso urrun daude euskarari etorkizuna bermatzeko indarrean jarri behar diren politika publiko eta baliabideetatik.

Euskara larrialdi linguistikoan da: ez dezagun ahantzi Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan azken urteetan euskal hiztun kopuru absolutua mantendu bada ere, proportzioan beheititzen segitzen duela. 2021ean populakuntzaren % 20,1 bakarrik zen euskalduna, eta Euskararen Erakunde Publikoak egin prospekzioen arabera, 2050ean tasa hori % 16ra apaltzeko arriskua dago. Soziolinguistikan adituek diote lurralde bateko populakuntzaren % 30ek behar duela hizkuntza baten ezagutza haren etorkizuna ziurtatzeko. Hori da xedea: 2050ean euskal hiztunen proportzioa gutxienez % 30ekoa izatea Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Eta horretarako euskararen aldeko marko berri bat, politika zehatzak eta baliabideak behar dira.

Azken buruan, euskarak ofizialtasuna behar du, horixe da duela 480 urte Etxeparek desiratzen zuen berdintasunerako gutxieneko zorua. Eta, bitartean, lastertasunez, arkitektura juridiko berri bat Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketatik hasten dena, artikulu hori baita etengabe aitzinean ematen dena urratsak oztopatzeko. Lege baliabideez gain, hizkuntza politika eraginkor batek diru baliabideak ere behar ditu, eta Ipar Euskal Herrian inbertitzen dena ez da batere nahikoa, Euskararen Erakunde Publikoaren egoerak argi erakusten diguna. Hau da, diru baliabideak lastertasunez emendatzea ere ezinbestekoa da euskarari etorkizuna bermatuko badiogu: hezkuntzaren, helduen euskalduntze-alfabetatzearen, aisialdiaren, euskarazko hedabideen edota gizarte aktibazioaren bidez. Eta badira, berehala, segituan, indarrean jar daitezkeen euskararen aldeko neurriak, hala nola, gibelean dugun Euskal Museo honetako eduki eta paisaia linguistikoan euskara lehenestea.

Euskara etorkizunera ekartzeko nahiak gidatu zuen Bernat Etxepare 1545ean. 2025 honetan euskararen etorkizuna jokoan ikusten dugu, Ipar Euskal Herrian bezala Hego Euskal Herrian ere. Baina Etxepareren bulkada berak gidatzen gaitu: euskaltzaletasunak.

Abenduaren 27an Euskal Herriko euskaltzale guztiok Bilbon elkartzeko deia egiten dugu, euskararen Pizkunde berri baten aldeko indarra erakusteko.

Euskaltzaleon garaia da! Orduan bezala orain eta gero: euskara plazara, dantzara, mundura!

Baionan, 2025eko azaroaren 17an


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!