Euskaraz bizitzeko nahiak hartu ditu Iruñeko kaleak
Herritarren euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko, euskarari bide ematen jarraitzeko, prestatusuna barreitatu dute Iruñetik barna euskaltzaleek. Kontseiluak antolatutako ‘Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu’ manifestazioa egin da gaur. Orain dela urtebete desira genuen egoerara ez garela oraindik heldu adieraztea eta ‘aldaketa’-ren Gobernuarentzat bultzada izatea izan ditu helburu Golemen hasi eta Sarasate pasealekuan amaitu den manifestazioak.
Sarasate pasealekuan dantzariek eta dultzaina jotzaileek hartu dute manifestazioa. Maialen Huarte irrati esatariak gidatutako ekitaldian, hitzartzea Kontseiluko idazkari nagusi, Paul Bilbaok egin du. Euskaraz bizi nahi dugunon alde mugitzeko garaia dela esanez hasi da Bilbao eta manifestazioa egiteko arrazoiak azaldu ditu ondoren.
“Duela sei urte haserre atera ginen kalera, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzera, eta orduko politika murriztaileak salatzera. Gaur, aldiz, eskua luzatzeko egin dugu honako erakustaldi hau, hain zuzen ere, duela hamabi hilabete Nafarroan zabaldu zen aro berria hizkuntza-eskubideen aroa ere izan dadin bidea elkarrekin egin dezagun eskatzeko”.
2015eko apirilaren 15ean Anaitasunan egindako ekitaldian hizkuntza-politikaren lau zutabeak izan zituen mintzagai, gaur, arduradun politikoei dagozkien hiruetan urratsak eman beharra nabarmendu du. “Bide eman euskarari araubidean, Bide eman euskarari plangintzetan eta Bide eman euskarari baliabideetan”.
Euskararen kontra ari direnei ere zuzendu zaie Kontseiluko ordezkaria. “Horiei guztiei gogorarazi nahiko genieke kontua ez dela ‘euskara’, ez, horixe! Euskararen atzean herritarrak daude, eta beraz, zatarra da oso pertsonen eskubideak haien interesen arabera erabili nahi izatea. Duela zortzi aste manifestazio hau iragarri genuenetik ikusi izan dugu zein da batzuen nahia, alegia, berriz ere iluntasunera itzularaztea: ETBren emisioak eten, Baztango Udalaren euskara-plana baliogabetu, Iruñeko ehunka haurri euskaraz eskolatuak izateko eskubidea urratu”.
Horren aurrean berriz, “herri-gogo bizia dugula erakutsi dugu, bai eta euskarari bide ematen jarraitzen dugula ere, oztopoak oztopo”. Ildo horretan, azken asteotan egin den ekimen mordoa ekarri du gogora eta hauen balioa nabarmendu du, hala nola ehundik gora herritik jasotako argazkiak.
Benetako aldaketaren alde dagoen alderdi, sindikatu, eragile eta sindikatu orori deia luzatu dio: “etorkizuna oreka sozialean, justizian eta bizikidetzan eraiki behar dela aldarrikatzen duen orori: bide eman euskarari, eta bide emateko urrats eragingarriak abian jartzera gu guztion babesa hor izanen duzue” esanez amaitu du hitzartea Paul Bilbaok.
Iruzkinik ez "Euskaraz bizitzeko nahiak hartu ditu Iruñeko kaleak"