Nafarroako Gobernuari dagokio fitxa mugitzea orain

2016ko ekainaren 10a Iruzkinik ez

ona-2

Bide eman euskarari manifestazioaren eta honen testuinguruan sortutako dinamikaren balorazio baikorra egin du Kontseiluak. Manifestazioan zein aurreko asteotan egindako ekimen guztietan parte hartu duten herritarrei eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie. Herri gogo indartsua dagoela agerian geratu ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio orain herritarrek egindako eskaera horri bide ematea.

Aldarrikapena egiteko jarritako bideak edo bitartekoak erabili dituzte herritarrek euren bizitzeko nahia ozen adieraziz. Bai larunbatean, Iruñeko manifestazioan eta baita aurreko asteetan ere, egindako ekimen desberdinen bitartez, Kontseiluaren ustez.

Ehundik gora herritatik jaso dira herri sarreretako panelekin egindako argazkiak, euskarari bide eman behar zaiola aldarrikatuz eta manifestazioan parte hartzeko deialdia eginez; bestetik, eskualde buruetan ere elkarretaratzeak egin ziren manifestazioaren lelo berarekin. Deialdiarekin euskarrik desberdinak hedatu dira, bai leku fisikoetan eta baita birtualetan ere. Ikusi ahal izan dugu ‘Bide eman euskarari’ aldarrikapena bere egin dutela herritarrek eta honen hedapenean oso lan ona egin dutela.

Eragile sozialen eta sindikalen aldetik ere oso harrera ona izan da Kontseiluaren ustez. Arlo desberdinetan aritzen diren eragile nagusiekin partekatu da irakurketa eta hauek bat egin dute mezuarekin. Atxikimendu hori ere publikoki agertu dute zenbaitzuk.

Agerian geratu da euskaraz bizitzeko nahia indartsu dagoela Nafarroako txoko guztietan. Euskaraz bizitzeko nahiak ez duela mugarik ezagutzen erakutsi dute herritarrek, Vascuencearen Lege zatitzailea gainditzen du gogo honek, ezbairik gabe.

“Euskaraz bizitzeko nahiak mugiarazi ditu herritarrak”, esan du Paul Bilbaok, idazkari nagusiak. “Eta indar hori, energia hori baliatu behar da orain gainerakoak mugitzeko. Azalerazi den herri gogo honi erantzuna eman behar zaio, berandu baino lehen”.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko preseidente Uxue Barkos andereak egindako adierazpenak ekarri ditu gogora. Manifestazioa “beharrezkoa” zela esan du eta ontzat jo “euskararekiko asmoa” kalean erakustea. “Eskertua” ere badagoela esan du. “Bada, guk ere ongi baloratzen ditugu presidentearen hitzak eta orain ekintzetara pasatzeko gonbita egin nahi diogu. Badaki, egin behar duena egin baldin badu, bere alboan izango gaituela, larunbatean esan genuen moduan”, gaineratu du Bilbaok.

Behin baino gehiagotan esan du Kontseiluak hizkuntza-politikak lau zutabe dituela. Zutabe horietako bat dinamizatzea herri mugimenduari dagokio, alegia, herri-gogoa deritzona. “Herri mugimendua, herritarrekin batera ari da ildo horretan lanean eta bide horri eutsiko dio aurrerantzean ere”, Kontseiluko eledunaren hitzetan.

Beste hiru zutabeak berriz, administrazioari dagozkio: corpus juridikoa, plangintzak eta bitartekoak. Bada, hiru zutabe horietan euskarari bide ematea dagokio Nafarroako Gobernuari momentu honetatik hasita.

Araubideari dagokionez, zer aldarrikatu du Bilbaok: “Vascuencearen lege murriztaileak abiarazi zituen dekretu are murriztaileagoak berandu baino lehen bertan behera geratzeko garaia da”.

Plangintzari dagokionez, berriz, jakin badakigu Gobernua hasia dela lan horretan, bada, eskua luzatu nahi diegu lan horretan bidea elkarrekin egiteko.

“Baliabideen arloari dagokionez, iazko aurrekontuak aztertu genituenean, esan genuen aurrerapausoren bat eman bazen ere, oraindik eznahikoak zirela. Bada, badakigu garai honetan hasten direla administrazioetan hurrengo urteari dagozkion aurrekontuak prestatzen eta zutabe hori indar dezan dei egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari”.

Nafarroan hizkuntza-politika garatzeko proposamen osoa prest du Kontseiluak. “Iaz, hauteskundeen eta Anaitasunan egin genuen ekitaldiaren aurretik bilera erronda egin genuen alderdiekin. Aldaketaren bueltan zenbiltzan alderdiek harrera ona egin zioten proposamenari eta orain, hori indarrean jartzea dagokiela uste dugu”.

Laburbilduz, “esan dugu herri gogoa badagoela euskarari bide emateko eta normalizazioan urratsak ematen jarraitzeko. Hizkuntza-politika garatzeko proposamena badu euskalgintzak, badirudi Nafarroako Gobernuak ere aurrera egin nahi duela, beraz, ezeri itxaron gabe lanean jartzea besterik ez da geratzen”, amaitu du Bilbaok.