Herriko Etxeetako hizkuntza-politiketan aitzinamenduak emateko ekimena aurkeztu nahi dugu
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan ekimenaren berri eman dute Baionan gaur arratsaldean, besteak beste, herriko etxeetako hauteskundeen kari euskara eztabaidaren erdigunean ezartzeko. Halaber dokumentu bat aurkeztuko diete hautagaiei hizkuntza politikak garatzeko neurriak biltzen dituena.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Euskal Konfederazioa erakundeek Protokoloaren garapena herriko etxeetan desmartxa aurkeztu dute gaur. Abenduaren 3ko data hautatu dute alde batetik abenduaren 3a Euskararen nazioarteko eguna delako eta bestetik herri hauteskundeetan aurkeztuko diren hautagaiak kanpaina prestatzen ari baitira.
Bi erakundeetako ordezkariek oroitarazi dute euskararen garapenean instituzio maila guziek badutela erantzukizuna eta herritarrengandik instituziorik hurbilena izanki herriko etxeek funtsezko rola badutela.
Sebastien Castet-ek gogorarazi du Euskal Konfederazioa herriko etxeen lan ildoa 1996an garatzen hasi zenetik, 50 bat herriko etxe « ofizialki » engaiatu direla euskararen alde neurriak hartzen (Euskal Konfederazioarekin hitzarmenak izenpetuz edo, 2006tik goiti, Euskararen Erakunde Publikoarekin hobekuntza kontratuak eginez).
Gaur egun Euskal Elkargoak du herrietan garatzen diren hizkuntza politikak harmonizatzeko betebeharra eta horretarako laguntza ekartzen duela nabarmendu du ondoren Sebastien Castet-ek. Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak landu dokumentuak “lagungarri izan nahi du euskararen aldeko politika abiatua duen herriko etxea urrunago joan dadin edo arlo honetan deus berezirik pentsatua ez duen herriko etxea euskararen aldeko dinamika garatzen has dadin”.
Bi erakundeen ustez garaia egokia da urrats berri bat emateko herri mailako euskararen garapenean. Bestalde, oroitarazi dute neurri konkretuen bidez euskal hiztunen hizkuntz eskubideen aitorpenean eta aplikapenean aitzinpausuak eman daitezkeela.
Mikel Eskaladon AEKko koordinatzaile nagusiak Euskal Konfederazioaren izenean aipatu du “datu soziolinguistikoek alertan jarri gaituztela jada eta badakigu euskara irakaskuntza eremutik kanpo hedatu ezean bere garapena kondenatua izango dela.
Ezinbestean beste esparruak ireki eta garatu behar dira. Lan mundua eta administrazioa ditugu erronka nagusiak.”
Horretarako zehaztu du, Ipar Euskal Herriko mapa instituzionalak aldeko haizeak ematen dizkiola euskarari eta inoizko baldintza hobeak ditugula Ipar Euskal Herri mailako instituzioetan eta instituzioekin euskararen garapenerako pausuak emateko.
Pausu horiek, bereziki herriko etxeetan emateko parada ezin hobea dugula gaineratu du Mikelek bi arrazoiengatik: “alde batetik Euskal Elkargoak EEPrekin batera euskararen konpetentzia partekatua duenez bere misioen baitan sartzen da Herriko Etxeetan hizkuntza politikak sustatzea eta bestalde, Herriko Etxeek inoiz baino tresna eta baliabide gehiago dituzte eskura hizkuntza politikak egokiak garatzeko.
Haizpea Abrisketa Kontseiluaren langileak azaldu du, euskararen gaia “Kontsentsutik aitzina pausuetara pasa behar dela” zentzu horretan gaineratu du :”Euskararen aldekotasuna nabarmena da euskal herriko espektro politiko eta sozialean. Orain kontsentsu hori baliatu behar dugu pausuak emateko”. Azaldu duenez, ondoko sei urteetan hautetsiek erabakiak har ditzakete euskararen alde herriko etxeetan, euskarazko zerbitzua egurtatzeko, euskarari ikusgarritasuna emateko, langileak euskalduntzeko edo are gehiago, langile euskaldunen kontratazioak bultzatzeko. “Kate baten ezinbesteko katebegia, dudarik gabe, Herriko etxea da”.
Abrisketak gaineratu du erronka horretan euskalgintza hor izanen dela, herrian euskararen alde bultzatzen baina ez hor bakarrik. Euskalgintzak badu urteetako esperientzia tresnak eta proposamenak osatzen, hizkuntza politika eraginkor baterako oinarriak mahai gaineratzen eta hori da preseski Elkargoa eta Herriko Etxeak beste sei urterako berrituko diren honetan berriz ere egingo duena eta horregatik gaur ere proposamen batekin datorrela euskalgintza gaineratu du.
Paul Bilbao Kontseiluko ordezkariak gogoratu du duela hiru urte aurkeztu zela inoiz Europa osoan hizkuntzen alorrean adostasun gehien lortu duen dokumentua, eta bestek beste, korsikeraren, bretoieraren, okzitanieraren, alsazieraren, katalanaren eta galo hizkuntzaren aldeko eragileek ere bere egin zutela. “Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloak herritarren hizkuntza-eskubideak bizitzako eremuetan segurtatuak izan daitezen 185 neurri zehatz bildu zituen; eta orain neurri horiek Herriko Etxeetara ekarri nahi ditugu, bai eta hautetsien esku hitzi ere, euskararen aldeko politikak gara ditzaten” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Kontseiluko eledunak gogoratu du, honez gero, hego Euskal Herrirako bertsioa aurkeztu zutela Gasteizen, eta hemendik gutxira prest izango dutela ipar Euskal Herrirako bertsioa. “Euskalgintzatik ekarpena egin nahi dugu, proposamena luzatu, elkarrekin bidea egin dezagun, herritarrak erdigunean ezarriz eta bere bizitzako esparru guziak euskararekin zipriztinduz. Elkargoak etxeko lanak izanen ditu eta Konfederazioak eta Kontseiluak garatu duten proposamena lagungarri izan nahi da bide horretan. Azken finean elkarrekin egiten den bidea baita beti sendoena” adierazi du.
Izan ere, Elkargoari baina bereziki Herriko Etxeei begira osatutako tresna da, herriko etxe bakoitzak bere errealitatearen arabera hizkuntza politikak gara dezan, bere lehentasuna zehaztuz, bere mugak zoin diren kontutan hartuz eta ahalik eta aitzina pausu eraginkorrenak eta egingarrienak egiteko. Horrela: “Ondoko asteetarako dokumentua prest izanen dugu bi hizkuntzetan eta hautetsiei aurkeztuko diegu urtarrilean, horren aurretik harreman dinamika bat burutuko dugu dokumentua partekatzeko. Gomitatzen ditugu euskararen gaia gurekin landu nahiko luketen zerrenda hautagaiak ere gurekin harremanetan jartzea”.
Azkenik, Kontseiluko ordezkariak azaldutakoaren arabera, “Frantziar estatuko beste hizkuntza komunitate gutxiagotuek ere interesa erakutsi dute iniziatiba horrekin eta Korsikan, Bretainian eta Okzitanian ere haien errealitateari egokiturik, proposamena plazaratuko dute. Hauteskundeen atarian hautetsiak hizkuntza gutxituen gaiaren inguruan solas daitezen, haien programetan kontatutan har dezaten baina bereziki ondoko sei urteei begira ibiltzen hasteko engaiamendua har dezaten”.
Iruzkinik ez "Herriko Etxeetako hizkuntza-politiketan aitzinamenduak emateko ekimena aurkeztu nahi dugu"