Adostasun sozial trinkoak eraikitzeko jauzia egingo du Kontseiluak

2019ko azaroaren 28a Iruzkinik ez

Askotariko eragileen aurrean egin duen urteko irakurketa ekitaldian aurreratu du hizkuntza-eskubideekin lotutako proposamen baten bueltan artikulatu eta aktibatu nahi dituela gizarte eragileak; ondoren, adostasun politikoak erdiesteko.

2019 urte irakurketa eta erronken aurkezpena

Askotariko eragileak bildu ditu Kontseiluak gaur Hernaniko Orona Ideon. Bertan izan dira, batetik, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Euskarabideko zuzendaria, Udalbiltzako lehendakaria, Hernaniko alkatea eta Aldundiko ordezkariak; bestetik, alderdi politikoetako (EAJ, EH Bildu, ELKARREKIN eta Sortu), eragile sindikaletako (ELA, LAB, EHNE, STEILAS), EHUko zein MUko ordezkariak, hedabideetakoak, bestelako eragile sozialetakoak eta, azkenik, noski, Euskalgintzako ordezkaritza zabala.

Azken urteetan bezalaxe, Kontseiluak 2019an hizkuntza-normalizazioari dagokionez zer eman duen azaldu du: “Duela bi urte ekimen honekin hasi ginen iruditzen zitzaigulako denboraren abiadurak ez digula askotan aukerarik ematen egindakoak eta gertatutakoak modu pausatuan aztertzeko eta horrek etorkizunari begirako urratsa definitzea zailtzen digulako”, azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Horrela, 2019an hizkuntza-politikek zer eman duten partekatzeaz gain, arreta jarri dute hego Euskal Herrian izan diren hauteskunde-prozesuetan, bai eta herri gogoak 2019an erakutsitako indarrean ere. “Hizkuntza baten normalizazio-prozesua lau zutabetan irudikatu ohi du Kontseiluak eta zutabe horien azterketa egin nahi izan dugu. Gainera, herri-gogoari dagokionez, Euskaraldia eta Korrikaren berri ekimen horiek antolatzen dituzten bazkideen ahotik jaso ditugu”, azaldu du Bilbaok.

Aurrera begirako jardunari dagokionez, gogoratu dute duela bi urte hizkuntza-politiken berrikuspena egin beharra agertu zutela, eta iaz, hizkuntza politiketan akordioak lortu beharra agerian geratu zela. “Horiei segida emanez, 2019a adostasun sozial eta politikoen norabidea zehazteko erabili du Kontseiluak, eta ondorioztatu du bi jauzi egin beharra dagoela: Lehenik eta behin, hizkuntza-politiken inguruko adostasun sozialak eraikitzeko prozesu sendoa abian jarri, eta ondoren, adostasun politikorako jauzia egin”, azaldu du Kontseiluko eledunak.

Adostasun horren edukiari dagokionez, orri zuritik abiatzen ez garela azaldu du Kontseiluko ordezkariak; izan ere, “badugu inoizko adostasun sozialik handiena izan duen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, bideari ekiteko. Hortaz, hurrengo urratsa, hizkuntza-eskubideen bermean jauzi kualitatiboa egiteko beharrezko neurrien gaineko adostasun sozial trinkoa lortzera jo nahi dugu 2020an”.

Garrantzitsutzat jo du ekimena Kontseiluko ordezkariak: “Jauzia egiteko ekimena abian jarriko dugu. Horren bidez, gizarte eragileak hizkuntza-eskubideekin lotutako proposamen batean bueltan artikulatu eta aktibatu nahi ditugu, eta honela, hizkuntza-politikaren gaiari agendan lekua egitea lortuko dugu”.

Gainera, adostasun horiek ardaztuko dituzten elementuak agertzen hasiak direla aipatu dute: “Ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra gero eta gehiago ari da agertzen, eta hor kokatu behar ditugu, esaterako, 2019an helduen euskalduntzearen doakotasunari edota ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan euskara-gaitasun egokiak erdiesteko eredu orokortua jarri beharra.”

Amaitzeko, hizkuntza-politikan Euskalgintzatik haragoko adostasunak eta aliantzak eraiki beharra mahai gaineratu du Paul Bilbaok: “2020an jauzia egingo du Kontseiluak, baina garrantzitsuena da gizarteak berak ere jauzia egingo duela.