Paul Bilbao: “Eskutik duzue euskararen garapena bizkortzeko aukera”

2016ko azaroaren 30a Iruzkinik ez

2016Balantzea20161130

Nafarroako Gobernuak 2016an hizkuntza-politikari lotuta egindako lanaren balorazioa egin du Kontseiluak. Iruñean Paul Bilbao idazkari nagusiak bazkideen ordezkariekin egindako agerraldian 2017an landuko duen ekimen baten berri eman du. AEK-ko kide Xabi Gartziak eman ditu aipatu ekimenaren zehaztapenak. ‘Aldaketa’ren Gobernua deitu denak euskararen alorrean ere aldaketarena behar duela izan aldarrikatu du idazkari nagusiak eta hori egitea haren esku dagoela gehitu du.

Hizkuntza-politika lau zutabek osatzen dutela esan du Kontseiluak: Plangintzak, corpus juridikoa, baliabideak eta herri gogoa. Azken hori eragile sozialei eta herritarrei dagokie. Gaur, administrazioari dagozkion beste hiruren inguruan aritu da Kontseilua.

2016 urtean hizkuntza-politikari lotutako jardunean positiboki nabarmentzeko hainbat puntu aipatu ditu Bilbaok. “UPN gobernuan egon den urte guztietan egin den hizkuntza-politika planifikatua izan dela esan izan dugu behin baino gehiagotan, eta horrela da, baina politika hori ez da inoiz euskararen normalizazioaren aldekoa izan, oso kontrakoa baizik. Horregatik, uda honetan Nafarroako Gobernua plan estrategikoa egiten hasi izana urrats garrantzitsua iruditu zaigu. Aurreko urte luzeetako hizkuntza-politika suntsitzaileari aurre egin behar zaio, beharra handia zen eta tresna garrantzitsua izango da”. Plan estrategikoa euskalgintzarekin batera egiteak plangintzari balio erantsia ematen diola nabarmendu du Kontseiluko eledunak.

Azken urtean egin ditugun beste agerraldi batzuetan eskatu izan diogu Gobernuari urgentziazko neurriak hartzea denbora pasatzen utzi gabe eta zehazki 29/2003 dekretua bertan behera uztea. “Izan ere, orain arte dekretu hori aldatu ez izanak ahalbidetu du, besteak beste, Nafarroako Auzitegi Nagusiak hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko euskarazko postu  guztiak bertan behera uztea, epaian bertan aipatzen zenez. Dakigunez, une honetan dekretu hori berritzeko lanean ari da Gobernua”.

Baliabideez ere hitz egin du Bilbaok, “badirudi handitu egingo direla baliabideak, idortuta dagoen lurrean euria hastea da hori, ibaia sortzea izan behar dugu helburu”.

Hutsuneak ere egon badaudela esan du idazkari nagusiak eta horiek hobetzeko norabidean lan egin behar dela aldarrikatu du, elkarlanerako eskua luzatuz.

Plan estrategikoa egiten hasi izana Kontseiluak positibo baloratu badu ere, zehaztapenak egin behar zaizkiola esan du Bilbaok. “Idazketa lausoa du eta arloren batean ez dira eragileek egindako ekarpenak jaso. Jasotakoa gauzatu dadin, aldaketaren gehiengo politikoak hartutako konpromisoari eutsi egin behar dio”.

Baliabideekin ere zalantza agertu du Kontseiluko ordezkariak agerraldian, izan ere, “plan estrategikoan jaso diren ekintzak garatzeko nahikoa baliabiderik jarriko al du Gobernuak? Aurreko aurrekontuarekiko hazkundea eman bada ere, ez da nahikoa izan eta ondorioz, urterik urte eman beharreko hazkundea orain hemen dena baino handiagoa izan beharko da”.

Corpus juridikoari dagokionez, lehen aipatutako 29/2003 Foru Dekretuaren aldaketa, Vascuencearen Legea aldatu gabe eragingarria izango ote den ere zalantzan jarri du Bilbaok, izan ere, Legeak baldintzatzen du maila baxuagoko arauen garapena.

Epeekin, lan erritmoarekin eta urgentzia eta lehentasunak ezartzerako orduan Gobernuak duen pertzepzioarekin ere kezka du Kontseiluak. Esanguratsua da araudia aldatzeko behar izaten ari den denbora.

Aurrera begirako prestatzen ari diren ekimenen berri ere eman dute agerraldian. Batetik, abenduaren 15ean Vascuencearen Legeak 30 urte beteko dituela aintzat hartuz ekitaldia egingo du Kontseiluak Condestable jauregian.

Bestetik, Xabi Gartziak, AEKko kideak, azaldu duenez, 2017an ekimen bat egingo da herrietan zonifikazioa gainditzea aldarrikatuko duena. “Euskalgintzak herritarren eskaria aktibatuko du Gobernuari eta Legebiltzarrari zonifikazioa gainditu eta Nafarroako herrietan euskara ofizial izendatzeko eskatuz”.

Dinamika herrietan garatuko dela azaldu du Gartziak, “tokiko euskalgintzako elkarteen bidez eta udalen eskutik. Harreman politikoak landuz, elkarrizketa sustatuz, elkarri entzuteko jarrera gizarteratuz, enpatia eta determinazioa lagun, euskaraz bizitzeko eskari sozial zabala bistaratzeko eta udalei eskatzeko posizioa hartzea ofizialtasunaren alde”.

Kontseiluaren ustez aldaketak atzeraezina izan behar du. “Aldaketaren Gobernua dugu hau eta aldaketarena behar du izan euskararen alorrean ere. Eskutik dugu hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoarekin bukatzeko eta euskararen garapena bizkortzeko aukera eta ardura. Araudian behar diren aldaketak egiteko eta hizkuntza-politika ausarta ezartzeko zilegitasuna eta ahalmena, euskalgintzaren eta herritarren babesa baitugu”, amaitu du Paul Bilbaok.