Mehatxuei eta politika atzerakoiei aurre egiteko konpromisoa eskatu dute euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragileek
Estrategia bateratua adostu dute Kontseilua, AMESA, Iniciativa Pol Asturianu, NOGARA, Plataforma per la Llengua, ÒMNIUM eta Acció Cultural del País Valencià erakundeek
Aldi bereko agerraldiak egin dituzte Donostian, Pontevedran, Valentzian eta Bartzelonan eragileetako eledunek. Donostian, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Proiektuetako arduradun Haizpea Abrisketak hartu dute parte.
Bilbaok azaldu du estrategia eragileon kezketatik abiatu zela “azken hilabeteotan hainbat alderdik zabaldu dituzten mezuek kezkatu gaituzte, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak are gehiago urratzeko proposamenak ari baitira zabaltzen”.
Kezka horretatik abiatuta, eragileek iniziatiba hartu beharra ondorioztatu zuten. “Iruditzen zaigu etor daitekeen olatu horri aurre egiteko modu bakarra alderdiek konpromiso zehatzak hartzea dela” esan du Kontseiluko eledunak.
Hartara, lau premisa eta sei konpromiso jasotzen dituen dokumentua adostu dute eragileek. Haizpea Abrisketak azaldu ditu konpromiso horien edukia. “Egun desorekan daude gaztelania eta hizkuntza gutxituak; horrexegatik, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia erdiesteko, beharrezkoa da, besteak beste, eskubideak eta betebehar berdinak aitortzea, administrazio publikoan hizkuntza gutxituan gaituak diren langileak kontratatzea, epaitegietan hizkuntza gutxituen erabilera normalizatzea edota gaztelaniaren lege bidezko inposizioari amaiera ematea. Hartara, hori da guk zehaztu ditugun konpromisoen muina”.
Dokumentuaren edukia azaltzeaz gain, Kontseiluko ordezkariek hurrengo urratsak zein diren aurreratu dute Donostiako agerraldian. Horrela, hurrengo egunotan alderdiei dokumentua aurkezteko asmoa dute. “Ostegun gauean hauteskunde-kanpaina izango da, eta nahiko genuke alderdiek aurkeztu dugun dokumentuaren gainean posizionatzea. Esan bezala, konpromiso eske gatoz” gaineratu du Bilbaok.
Aurrera begira, ekain aldean eragileek Madrilen agerraldi bateratua egiteko asmoa dutela aurreratu du Kontseiluko idazkari nagusiak “Kezkek bildu gaituzte eta horien ondorioz iniziatiba hartzea erabaki dugu, halere, orain hirugarren batzuek hartu behar dituzte konpromisoak. Horixe irudikatuko dugu bertan egingo dugun agerraldian. Inboluzioaren harresia apurtzeko modu bakarra herritarren eskubideak bermatzeko neurri eragingarrien aldeko konpromisoa hartzea besterik ez dago”.
Iruzkinik ez "Mehatxuei eta politika atzerakoiei aurre egiteko konpromisoa eskatu dute euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragileek"