NBEren “Hezkuntza, hizkuntza eta giza eskubideak” foroan parte hartu du Kontseiluak

2019ko maiatzaren 07a Iruzkinik ez

Bruselan, EBren egoitzan, izandako foroan Kontseiluko ordezkariak Protokoloak
hezkuntzaren eremuan jasotzen dituen neurriak azaldu ditu.

 

NBEren Gutxiengoen Aferetarako Errelatoreak sustatuta, eta zenbait gizarte eragileren lankidetza tartean Kontseiluak parte hartzen duen ELEN sarea, hamaraka eragilek, ordezkari instituzionalek eta adituk hizkuntza, hezkuntza eta giza eskubideak hizpide izan dituzte azken bi egunotan.

Kontseiluko idazkari nagusia bertan izan da: “Gogoratu behar dugu 2019a Hizkuntza Indigenen Urtea izendatu duela NBEk,eta horren karira Europa mailako foroa antolatu nahi izan du Gutxiengoen Aferetarako Errelatoreak. Kontseiluak aspalditik jorratu izan ditu harremanak aipatu Errelatorearekin eta bertan egotea garrantzitsutzat jo zuen”.

Lau saio nagusi izan ditu Foroak. Batetik, marko teoria jorratu da giza eskubideak eta gutxiengoen hekuntza- eta hizkuntza-eskubideak definitzeko bidean. Ondoren, gutxiengoen hezkuntzetan garatu beharreko politika publikoez eztabaidatu da. Hirugarrenik, gutxiengoen hizkuntzen irakaskuntzari lotutako praktika egokiak aurkeztu dira. Azkenik, giza eskubideen bermearen inplementazio eragingarriari begirako baliabideak eta kudeaketa izan dira hizpide.

“Zalantzarik gabe, gaia konplexua izanik, oinarrizko elementu guztiak kontuan hartzea izan da Foroaren helburuetako bat” adierazi du Bilbaok.

Horrela, Kontseiluko idazkari nagusiak politika publikoen atalean hartu zuen hitza. “Azken hilabeteotan Euskal Herrian behin eta berriz esan dugu politika publikoetan gizarte eragileen ekarpenak kontuan hartzeko mekanismo eragingarriak abian jarri behar direla, eta hausnarketa bera eraman nahi izan dugu Forora. Finean, prozesu soziopolitikoez ari bagara, nahitaezkoa da gizarte eragileen ahotsa kontuan hartua izatea” adierazi du Kontseiluko eledunak.

Planteamendu hori egiteaz gain, Protokoloak bete dezakeen funtzioaz ere jardun du Kontseiluko idazkari nagusiak: “Mahai gaineratu dugu egun ez dagoela Europan horrenbeste adostasun soziala duen proposamen politikorik. Gainera, hezkuntzaren eremuan Protokoloak biltzen dituen 51 neurriek ikuspegi integrara eskaintzen dutela azaldu dugu. Hartara, Gutxiengoen Aferetarako Errelatoreari eskatu diogu Protokoloa ere kontuan har dezala etorkizuneko gomendioetan”.

Foroan parte hartzeaz gain, Kontseilua kide den ELEN-Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen zuzendaritza-bilera ere egin zuten igandean. “Bilera emankorra, zalantzarik gabe, hurrengo urteetarako geure erakundearen gaineko hausnarketa estrategikoa abian jartzea erabaki dugulako” azaldu du Bilbaok.

Etiketak: