Euskalgintzako ehun lagunek baino gehiagok hartuko dute parte Kontseiluaren mintegietan
Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozial zabalak josten ari da Kontseilua. Izan ere, Kontseiluak uste du egungo errealitateari erantzunen dioten hizkuntza-politika aurrerakoiagoak behar direla, hizkuntza-eskubideak eta gizarte kohesioa bermatuko dituenak. Euskal hiztunen eskubideek bermatu gabe jarraitzen baitute, hiztunen arteko desoreka eta desberdinkeria nabarmenarekin.
Horretarako proposamena landu du Kontseiluak. Bazkideen ekarpenetan oinarritutako dokumentua da, eta hizkuntza-politika berrirako bide-orria izan nahi du. Lehen proposamena baino ez da, ordea. Kontseiluko kideekin zein euskalgintzako beste eragileekin eztabaidatuko da dokumentua, eta ekarpenak eta atxikimenduak jasoko ditu; ahalik eta adostasun zabalenean oinarritu dadin.
Horretarako antolatu dira mintegiak: dokumentua ezagutzera eman, eztabaidatu, ekarpenak egin eta adostasuna erdiesteko. Zehazki, bost mintegi antolatu dira, guztiak ere online: otsailaren 10, 11, 16, 19 eta martxoaren 5ean. Euskalgintzako ehun ordezkarik baino gehiagok hartuko dute parte, hainbat arloetakoak.
Mintegietan jasotakoak landuko ditu ondoren Kontseiluak, eta, dokumentuan jasotzeaz gain, bestelako eragileekin ere partekatuko ditu. Ostean bilerak egiten jarraituko du, dokumentua ezagutzera eman eta atxikimenduak biltzeko.
Euskararen erabilera erosoa helburu
Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: harremanen oinarria da, eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak. Horregatik, gizarteko eragile guztiei dagokie erantzukizunez jokatzea hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta gizarte berdinzaleagoa osatzeko.
Horregatik, egungo hizkuntza-politiken langa gainditu, eta euskararen erabilera erosoa bermatu behar diegu hiztunei, hau da, eguneroko jardun sozial oro euskaraz egin ahal izatea erosotasunez eta bazterkeriarik jasan gabe. Hori gauzatu ahal izateko bi ardatz jasotzen ditu proposamenak: erabilera erosoa bultzatzeko espazioak eta baldintzak sortu beharko dira, alde batetik, eta euskararen ezagutza unibertsalizatu beharko da, bestetik, baldintza horiek bete ahal izateko.
Iruzkinik ez "Euskalgintzako ehun lagunek baino gehiagok hartuko dute parte Kontseiluaren mintegietan"