Neurri-sorta aurkeztu die ELEN erakundeak Europako Batasuneko Hezkuntza Batzordeko arduradunei

2021ko otsailaren 01a Iruzkinik ez

Hizkuntza gutxituan bizi diren herritarren hizkuntza-eskubideak erdigunera ekartzeko helburuarekin, ELEN erakundeak neurri-sorta aurkeztu die Europako Batasuneko Hezkuntza Batzordeko arduradunei gaur arratsaldean egindako bileran. Besteak beste, Batzordearekin komunikazio-kanal iraunkorra izatea, hizkuntza-eskubideen komisarioa sortzea, Protokoloan jasotako neurriak betetzeko Europar Batasunean egin beharreko urratsak aztertzea, hizkuntza gutxituen garapenerako estrategia-markoa osatzea eta arriskuan dauden hizkuntzei begirako emergentzia-funtsa sortzea izan dira proposatutako neurriak.

Egun, hizkuntza gutxituen alde eragile eta hizkuntza gehien biltzen duen bilgunea da ELEN – European Equality Network; Kontseilua sare horretako sortzaile eta kide da, hain zuzen. Gaurko bilerako parte hartzaileen artean izan da, ondorioz, erakundeko lehendakariorde eta Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbao. Bilbaoz gain, Rosa Marco (Plataforma per la Llengua), Tangi Louarn (Kevre Breizh), Elsa Quintas (AMESA), Pádraig Ó Tiarnaigh (Conradh na Gaeilge) eta erakundearen idazkari nagusi Davhyth Hicksek aurkeztu dituzte aurrera begirako neurriak. Europako Batasuneko batzordetik, aldiz, eleaniztasunerako arduradun Micahel Teutschek eta Batzordeko Kristina Cunningham eta Isabella Petrozek hartu dute parte bileran.

Harreman iraunkorra

Bilerari ekitearekin batera batzordekideei gogorarazi zaie egun ELEN dela Europa mailan hizkuntza-aniztasunaren alde lan egiten duen erakunderik indartsuena; hain zuzen ere, berrogeita lau hizkuntza gutxituren berreskurapenaren alde lan egiten duten hamarka eragilek osatzen dute sarea. Horrexegatik, Batzordearekin komunikazio-kanal iraunkorra izan behar dutela aldarrikatu dute.

Gaurkotasunari begirada

Etorkizuneko bide orriak proposatu aurretik, baina, hizkuntza gutxituen egoera izan da hizketagai. ELENeko kideek azpimarratu dute Europan itxialdiari ekin zitzaionean, Europako Kontseiluko Eskualde edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuneko Adituen Batzordeko presidenteak gomendio zehatzak egin zizkiela Estatuei herritarren eskubideak bermatzeko. Herritarren ongizatea bermatzeko, Kontseiluak gomendioarekin bat egin eta administrazio publiko guztiei dei egin zien herritarren eskubideak bermatzeko. Eskaera hori egonik ere, gaurko bileran salatu dute ehunka milaka herritarrek ez dutela berezko hizkuntzetan jaso oinarrizko informaziorik, ez eta osasun-arretarik ere. Ondorioz, agerikoa da hizkuntza gutxituetako hiztunek pandemian zehar hizkuntza-eskubideen urraketak pairatu dituztela. Bide horretan, Batzordeko kideei jakinarazi zaie Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziara txostena bidaliko dutela hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren eragileek.

Halaber, ELENeko ordezkariek kezka agertu dute hizkuntza-aniztasunaren aldeko herri ekimenaren inguruan Europako Batzordeak argitaratutako jakinarazpenarekin. Izan ere, arduratzekoa da bertan agertzen zen gomendio bat bera ere onartu ez izana. Horren karira, Bilbaok aipatu du gomendio batean Europar Batasunako estatuei Europako Kontseiluko Itunak berresteko eskatzen zaiela; hori egiten dutela esan du Batzordeak. Kontseiluko eledunak, bederen, Frantziako Estatuaren jarrera ekarri du gogora jaramon gutxi egiten dutela egiaztatzeko. Horrez gain, Europako Batasuneko Batzordeko kideek gogoratu dute Estatuei dagokiela haien mugen barruan hizkuntzen kudeaketa aurrera eramatea, eta beraz, Batzordeak ez duela eskumenik bertan.

Aurrera begirako neurriak

Halere, bilera aurrera begira abian jarritako neurriak zehazteko baliatu nahi izan da. Horretarako ELEN erakundeak onartutako Hizkuntza gutxituen sustapenerako eta babeserako Europako Batasun mailako gomendioak txostenetik zenbait neurri zehatz partekatu dituzte Europako Batasuneko Hezkuntza Batzordeko arduradunekin:

> Hizkuntza eskubideen komisarioa sortzea, Kanadako ereduari jarraiki, eta hizkuntza gutxituetako eragileekin eta Europako Kontseiluarekin lankidetzan.

> Donostiako Protokoloan jasotzen diren neurriak betetzeko EBean egin beharreko urratsak aztertzea

> Hizkuntza gutxituen garapenerako estrategia-markoa osatzea

> Arriskuan dauden hizkuntzei begirako emergentzia-funtsa sortzea