Alderdiak hizkuntza-diskriminazioaren aurka jartzeko garaia heldu da

2021ko otsailak 17 Iruzkinik ez

Bost hizkuntzatan zabaldu dute iaz Madrilgo Kongresuan aurkeztu zuten Legez Besteko Proposamenaren edukia, aste batzuk barru bertan izango den eztabaidari begira. Euskalgintzaren KONTSEILUAz gain, A MESA POLA NORMALIZACIÓN LINGÜÍSTICA, CIEMEN, INICIATIVA POL ASTURIANU, NOGARA, PLATAFORMA PER LA LLENGUA, ÒMNIUM, ESCOLA VALENCIANA eta ACCIÓ CULTURAL DEL PAÍS VALENCIÀ erakundeek sustatu dute ekimena.


Aipatu eragileek iaz Madrilgo Kongresuan alderdiei sei konpromiso zehatz dituen proposamena egin zieten, askatasuna, berdintasuna eta demokrazia oinarri izango dituen gizarte bat eraikitzeari begira. Aipatu konpromisoa eragileek urte bat lehenago aurkeztu zuten Hizkuntza-aniztasuna: Askatasuna, Berdintasuna eta Demokrazia manifestuan bildu zituzten. Hamar alderdik bere egin zuten eskaera eta abenduaren 3an legez besteko proposamena erregistratu zuten. Hartara, aurreikusten da hurrengo hilabetean proposamena eztabaidatuko dela.


Horrela, eztabaidari begira, ekimena sustatu duten eragileek interesgarritzat jo dute haien proposamenean jaso eta hainbat alderdik bere egin zituzten edukiak herritarrekin partekatzea. Legez Besteko Proposamena eztabaidatzen denean, hizkuntza-aniztasunaz haratago, gizartea balore justuago eta berdinzaleago batean eraikitzeaz hitz egingo da eta alderdiek parametro horien arabera kokatu beharko dituzte haien iritziak.


Azkenik, eragileok aurreratu dute hurrengo asteotan beste ekimen batzuk eramango dituztela aurrera eztabaidaren edukiak gizartean zabaltzeari begira.