Arnasguneen etorkizunerako hainbat gako Lurraldea eta Hizkuntza V. jardunaldian

2021ko urtarrilaren 27a Iruzkinik ez

Arnasguneen garapen jasangarriaz hausnartzeko plaza izan da beste behin Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiaren bosgarren edizioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk eta UEUk antolatuta, Donostiako San Telmo museoan egin da urtarrilaren 23an, eta arnasguneen bermeei begira etorkizunerako hainbat gako partekatu dituzten bertan elkartutako aditu eta entzuleek.

Hona hemen lehen entzuketaren ostean jasotako ondorio batzuk, idatziz zein ikus-entzuneko gisa. Gainera, hitzaldi guztiak ere daude ikusgai (behean), jardunaldian esandakoek ondoren ere hausnarketarako balio dezaten.

Ondorioak

1. Arnasguneen garapenari begira ezarritako hiru ardatzek eta zazpi erronkek presente jarraitzen dute

2019ko jardunaldietan, garapen jasangarriari begira landu beharreko hiru ardatz zehaztu genituen: garapen soziekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoa. Ardatz horien baitan, berriz, lanerako zazpi erronka nagusi definitu genituen: Garapen demolinguistiko jasangarri eta orekatua, Garapen sozioekonomiko sistemiko eta endogenoa, Tokiko Oinarrizko Zerbitzuen garapena, Hizkuntza-komunitatean ardaztutako garapen soziokulturala, Balio aurrerakoi eta komunitarioetan oinarritutako nortasunaren garapena, Arnasguneen saretzea eta hedapena, eta Hizkuntza-komunitatea ardatz duten politika publikoak.

Aurtengo ediozioan, aldez edo moldez, ideia horiek behin baino gehiagotan atera direla ikusi dugu, eta, beraz, aurrera begirako lanketarako arras baliagarriak izaten jarraitzen dutelakoan gaude.

2. Arnasguneen zaurgarritasuna eta inguruarekin duten interdependentzia

Behin eta berriz aipatu izan da pandemiak inoiz baino ageriago utzi dituela hainbat gizarte-sektoreren zaurgarritasuna eta interdependentzia. Bada, arnasguneei dagokienez ere, begien bistan dago hizkuntzaren normalizazio-prozesuetan duten garrantziarekin batera, euren izaera zenbateraino den zaurgarria. Are gehiago, globalizazio-prozesua azkartzen ari delarik, inguruarekin duten interdependentzia gero eta sakonagoa den garaiotan.

Gaur egungo garraiobideek eta hedabideek mugikortasuna eta beste lekuekin edo “sarearekin” konexioa izugarri erraztu eta areagotu dute, eta horrek arnasguneetako eguneroko bizitzan goitik beherako eragina izan du.

Aldi berean, pandemiak erakutsi digu bertokoa edo gertukoa balioan jartzen, bai eta, hiriguneen aldean, arnasguneetako bizi-moldeak bestelako aukerak ematen dizkigula ere: harremanak, gertuko komunitatea, laguntza-sareak, ingurumenarekin harreman egokiak…

3. Garai konplexuei erantzun konplexuak:

Garai konplexuak bizi ditugu, eta geroz eta ageriago dago elkar-lotutako eta inguruarekin elkar-eragin etengabean bizi den gizarte baterantz goazela. Horrek ezinbesteak eskatzen du politika publikoetan hizkuntza-normalizazioa zeharkakotasunez lantzea. Sozioekonomia, lurralde-antolaketa, arkitektura… eta beste hainbat gai jada ezin dira planteatu ezagutza eta esparru iragazgaitz gisa, eta beharrezkoa da horietan guztietan hizkuntza-normalizazioren begirada txertatzea.

Horrek, noski, arlo horien garapenerako planteamenduak egitea zailtzen du, baina, jada ezin dugu ez-ikusiarena egin, ez eta arlo horiek hizkuntza-normalizazioan duten eragina baztertu ere. Horretarako, Irlandako Gaeltacht-en bilakaerak erakutsi duen bezala, ezinbestekoa da arnasguneetako kideek politika publiko horien definizioan parte hartzea eta euren ekarpenak aintzat hartzea, bai eta arnasgune horietan hizkuntza-komunitate bizia eta kontzientziatua, edo azken boladan esan ohi den bezala, komunitate ahaldundua egotea ere.

4.Arnasguneen garapenean oinarritutako politika publikoak

Era berean, beharrezkoa da politika publiko guztietan arnasguneen garapena aintzat hartzea. Politika horietan, erator litezkeen esku-hartzeen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa aztertu, eta horren arabera egokitze neurriak proposatzea baino, arnasguneen garapenaren ikuspegia hasiera beretik txertatua egon beharko litzateke.

Hizkuntza-politiketan, beraz, ondare-ereduaren hizkuntza-politikak baztertu eta biziberritze-ereduan eta arnasguneen garapenean oinarrituta hizkuntza-politiketan sakontzeko bideak urratu beharko lirateke. Horrela, hizkuntza-politikaren baliabide guztiak baliatu behar dira norabide horretan urratsak egiteko: plangintzak, araudiak eta gainerako baliabideak.

5.Arnaguneen garapenerako lege-markoa

EAEko Toki Erakundeen Legeak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak (ELE) egin beharra ezarri izana urrats garrantzitsua da arnasguneen prebentzioaren ikuspegitik. Hala adirazi genuen orain bi urteko jardunaldietan, baina prebentziotik garapenerako jauzia eman beharra agerian geratu da geroztik. Horretarako, ELE aplikatu ahala hainbat ikasgai eta irizpide jasotzen ari gara, eta, iazko jardunaldietan ere beste hainbat oinarri ezarri genituen.

Horiek guztiak oinarri gisa hartuta, uste dugu arnasguneen garapenari bermea eta babes juridikoa emango dion lege-markoa garatzea beharrezkoa dela. Horretarako, baliagarria zaigu Irlandako aurrekaria. Hutsuneak hutsune, tresna horren potentziala eta beharrezkotasuna agerian jarri dira jardunaldian.