Arnasguneen lanketan garapen jasangarriaren ikuspegia txertatu beharra ondorioztatu da “Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldiaren laugarren edizioan
“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera”jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Arnasguneen alde egotetik arnasguneen alde egitera pasa behar dela ondorioztatu dute laugarren jardunaldi hauetan, bai eta subjektu juridiko gisa egituratzearen beharra. Horretaz gain, arnasguneen garapen jasangarriaren ikuspegitik gaian sakontzeko diziplina arteko ikerketa aplikatuko egitasmo berriak garatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, bai eta Lurralde Antolaketarako Euskararen Plan Sektoriala garatzeko premia berretsi ere.
Egun osoko jardunaldian, hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguruak egin dira. Ikuspegi desberdinetatik begiratu zaio argasguneen gaiari eta hainbat ekarpen jaso dira.
Laugarren edizio honek utzitakoa zazpi ondorio hauetan laburbildu dute antolatzaileek:
Garapen jasangarriaren ikuspegian kokatu beharraz:
Aurreko LUHI jardunaldietan landutako prebentzioaren ikuspegia aski ez zela argi ikusi dugu. Jauzi berria eman, aurrera begira jarri eta garapenaren ikuspegia lantzea beharrezkoa dela ikusi dugu. Garapen jasangarriaren paradigmak erakutsi izan duen gisan, garapen egokiak orekatua eta jasangarria izan behar du. Gaurko jardunaldiek erakutsi digute paradigma horretan sakontzeak argibide eta lan-ildo berri bezain interesgarriak eta beharrezkoak zabaltzen dituela.
Zeharkakotasuna garatzeko eta erdigunean kokatzeko garaia: Gero eta agerikoagoa da hizkuntza komunikazio eta gizarteratzeko tresna gisa jarduera eta harreman sozial guztietan presente dagoela. Hala izanik, argi dago harreman eta egitura sozial horiek baldintzatzen edo eraldatzen dituzten esku-hartzeek eragina dutela hizkuntzen normalizazio prozesuan. Jardunaldi honen ondorioetan argi adierazi nahi dugu egungo gizarte bizitza antolaketan, egituraketan edota jardunean eragiten duten proiektu guztiek hizkuntzen normalizazio- edo galera-prozesuak bultzatzen dituztela. Horrela,horietan guztietan hizkuntzaren dimentsioa hartzeko hainbat irizpide eta oinarri eskaini ditu LUHIren laugarren ekitaldiak.
Arnasguneen alde egotetik, arnasguneen alde egitera:
Azken urteotan geroz eta onartuagoa eta hedatuagoa dago arnasguneen garrantzia hizkuntzaren berreskurapen- eta normalizazio-prozesuetan, bai eremu akademikoan, baina bai eta eremu politikoan ere. Horregatik, adostasun hori operatibizatu eta neurri zehatzetara itzultzeko garaian gaude. Jardunaldian landutakoak horretarako erreferentzia-markoa eskaintzen du, bai eta hainbat jarraibide posible ere.
Arnasguneen kategorizazio juridikoa
Arnasgune geografiko zein soziofuntzionalei begira halako neurriak hartu behar badira, ezinbestekoa da arnasguneak subjektu juridiko gisa egituratzea. Alegia, beharrezkoa da arnasguneen, haien leuntze-eremuen eta haien arteko korridoreen kategorizazio eta aitortza juridikoa.
Ikerketa aplikatuko lerro berriak
Beharrezkoa iruditzen zaigu arnasguneen garapen jasangarriaren ikuspegitik gaian sakontzeko diziplina arteko ikerketa aplikatuko egitasmo berriak garatzea. Ikerketa lerro beharrezkoa, mamitsua eta eraginkorra izan daitekeelakoan gaude.
Lurralde Antolaketarako Euskararen Plan Sektoriala. Lankidetzarako esparrua.
Aurreko LUHI jardunaldietan atera izan den ideia den arren, berriro berresten dugu Lurralde Antolaketarako Euskararen Plan Sektoriala garatzeko premia. Uste dugu gaurko jardunaldian aurkeztutako edukiak material baliagarria eskain dezakeela plan sektorial hori garatzeko. Edukiaz gain, ordea, gaurkoak plan hori garatzeko gizarte eragileon eta erakunde publikoen arteko lankidetza-eredu interesgarria eskaintzen duelakoan gaude.
Arnasguneetako euskaldunen kontzientzian eragin beharraz
Alde batetik, herritarren ahalduntzea jorratuz, eta, bestetik, identitatea balore aurrerakoien baitan landuz.
Arnasguneak: prebentziotik garapenera txostena [Antolatzaileen izenean Kontseiluak jardunaldian aurkeztutakoa]
Iruzkinik ez "Arnasguneen lanketan garapen jasangarriaren ikuspegia txertatu beharra ondorioztatu da “Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldiaren laugarren edizioan"