Donostiako Protokoloa euskarara egokitu eta egikaritzea izango da 2017ko egiteko nagusia

2017ko otsailaren 24a Iruzkinik ez

2017Batzarra20170224

Urteko batzarra egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Bilboko Euskalduna jauregian. Bertan, 2016ko balantzea eta 2017rako kudeaketa plana aho batez onartu dituzte erakundea osatzen duten bazkideen ordezkariek. 2016ko abenduan aurkeztutako Donostiako Protokoloaren lanketa izango da aurtengo erronka nagusiena.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak edo Donostiako Protokoloak, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan landutako proiektuak aurrera begira ere jarraipena izango du. “Gogora dezagun, Protokoloa hogeita hamar hizkuntza baino gehiagoko ehundik gora eragilek adostutako bide-orria dela, hain zuzen ere, egoera gutxiagotuan dauden komunitateen eskubideak bermatzeko. Orain, Protokoloan biltzen diren neurriak euskarara ekartzeko prozesua zabalduko du Kontseiluak, eta horretarako, Protokoloarekin batera argitaratutako Kaieraren prestakuntza egingo du hamarnaka eragilerekin batera. Hilabeteetako prozesu partehartzailea garatuko du”, esan du idazkari nagusi Paul Bilbaok. Halaber, Protokoloaren nazioarteko aitortza jorratzeko lan-ildoa zabalduko du Kontseiluak.

Horrekin batera, 2017an Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteari begira, lan intentsiboa egiten jarraituko du Nafarroan, eta horretarako, herri mailan ofizialtasuna aldarrikatzeko dinamikak garatuko ditu.

Halaber, Kontseiluak besteak beste honako proiektuak ere garatuko ditu: Baduzu, euskal kontsumitzaileen klubaren bitartez eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko ekarpen berria egingo da; eremu sozioekonomikoan jarraituz, Urola Erdia eta Urola Kostan proba pilotu bat jarriko da martxan, besteak beste, sindikatuekin elkarlanean. Bestetik, helduen euskalduntzea doan izan dadin ekimena landuko da eta osasungintza euskalduntzeko lanari jarraipena emango zaio.

2016ko balantzeari dagokionez, Kontseiluak positibo baloratu du jarduna eta bost argazkiren bidez irudikatu ditu nagusiki jorratutako ildoak: Arnasguneen lanketari lotuta, udal legeak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egitea jaso izana; Nafarroan Bide eman euskarari lelopean egindako manifestazioa; Nafarroako Parlamentuko lehendakariari Vascuencearen Legearen urteurrenean Lege berria idazteko emandako luma; Donostiako Protokoloaren aurkezpena Kursaalen eta EAEko hauteskundeen karira “Bada garaia” izeneko kanpaina.

Azkenik, Kontseiluak 2016ko balorazio orokorra egin du. Eremu instituzionalean 2016 urtea mugitua izan da oso. Nafarroan, “aldaketaren Gobernuak” lehen urtea egin du bere ibilbidean, EAEko Gobernu berria eratu da eta Ipar Euskal Herrian lehen aldiz hiru lurraldeak bilduko dituen Euskal Elkargoa sortu da.

Honela bada, Nafarroako Gobernuaren orain arteko ibilbideak asmo on batzuk agerian utzi dituen arren, gabezia nabarmenak izan ditu. EAEri dagokionez, kezkaz ikusi zuen Kontseiluak gobernu-akordioa egin zenean aldeetako batek aurretik euskararen aurkako mezuak zabaldu izana. Ondoren, akordioak alderdi baikorrak izan baditu ere (doakotasuna jomugan jartzea, kasu), hutsune eta zehaztasun falta nabariak ditu. Euskal Elkargoaren jarduna arretaz jarraituko du eta bide desberdinetatik eragiteko moduak landuko dira.