EAEko Estatutu berrirako hizkuntzaren atalerako proposamena egin du Kontseiluak

2018ko maiatzaren 24a Iruzkinik ez

Miramar Jauregian aurkeztu du Kontseiluak Estatutu Berrirako proposamena

Aurkezpena egiteaz gain, Kontseiluko idazkari nagusiak erakunde horretako zuzendaritzaren izenean txostenaren ale bat eman dio Eusko Ikaskuntzako lehendakariari

Eusko Legebiltzarrak autogobernua delako eztabaidaren baitan EAErako Estatu berri baterako eztabaida-prozesua zabaldu du eta, hizkuntzaren eta hizkuntza-eskubideen gaia nola kokatu berrikusteko aukera hau baliatu du Kontseiluak. Miramar jauregian aurkeztu du dokumentua Kontseiluko zuzendaritzak, Paul Bilbao, idazkari nagusiarekin batera. Aurkezteaz gain, Eusko Ikaskuntzari ere eman dio proposamena Bilbaok. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak, ehungarren urteurrenaren testuinguruan egiten ari diren prozesuaren baitan lantzeko konpromisoa adierazi du, gizarte zibilaren garrantzia nabarmentzearekin batera.

Iban Arregi, Berriaren ordezkaria Kontseiluan eta une honetan lehendakaria denak azaldu du proposamena egitearen beharra eta garrantzia. “Ia berrogei urte joan dira Estatutua onartu zenetik, eta gizartean hainbat aldaketa izan dira, bai eta hizkuntzaren eremuan ere. Egia da ordutik aurrerapausoak izan direla, baina, ez nahikoak. Gizarte zibil antolatuak etorkizuneko hizkuntza-araudian eragin zuzena izango duen Estatutuan ekarpena egitea beharrezkotzat jo du Kontseiluak”.

Protokoloan jasotzen diren printzipio nagusiak aintzat hartu dira proposamena osatzeko orduan eta, Bilbaok azaldu duenez, “hizkuntza-eskubideak eskubide estatutarioetan modu zuzenago jaso beharra ondorioztatu dugu, eta horrexegatik ekarpen integrala egin nahi izan dugu”.

Aurkeztutako dokumentuaren edukiaren berri eman du Kontseiluko idazkari nagusiak. Hizkuntzaren estatusari dagokionez, lurralde osoan ofiziala izango da; euskara berezko hizkuntza izendatzen da EAEn; administrazioan erabilera normaleko eta lehentasuneko hizkuntza euskara izatea jasotzen da; Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izateko ekintzak abian jartzea ere proposatzen da.

Pertsonen arteko berdintasuna berma dadin proposamena egiten da, horrela jasoz: ‘ez da hizkuntzarengatiko bereizkeriarik onartuko’.

Euskararen sustatu beharra ere jasotzen da. ‘Botere publikoek euskara babestuko dute eremu eta sektore guztietan, bai eta erabilera, ezagutza eta zabalkundea sustatu ere’.

Euskara erabiltzeko eskubidearen inguruan ere hainbat proposamen egiten da; herritarrei hizkuntza-hautua bermatzea proposatzen da eta honekin lotuta, hortaz, hori bermatzeko betekizunak ere proposatzen dizkio administrazioari. Horretarako, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza-maila egokia egiaztatu beharko dute.

‘Herritar guztiei aitortzen zaie euskara ezagutzeko eskubidea, bai eta betebeharra ere’. Hori bermatu ahal izateko, derrigorrezko hezkuntzan, besteak beste, “derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean euskararen ahozko zein idatzizko ezagutza egokia izateko eskubidea eta betebeharra izatea proposatzen da, baita beranduago datozen ikasleek hizkuntza-laguntza jasotzeko eskubidea ere”, Bilbaok azaldu duenez Helduen euskalduntzeari lotuta jasotzen diren proposamenen artea, euskara ikastea doakoa izatea aldarrikatzen da. Baita, Jaurlaritzaren eskumen osoa berezko hizkuntzaren eremuan. Bestalde, euskararen gizarte eragileak erakunde aholku-emaileak izatea ere proposatzen du. Hizkuntza-eskubideek, berme instituzionalak, normatiboak ete juridikoak izango dituzte.

Edukien berri eman ondoren, Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako presidenteari eman dio dokumentua Paul Bilbaok. Dorronsorok, eskertu du proposamena helarazi izana, izan ere, gizarte zibilaren parte hartzea sustatu nahi dute prozesuaren baitan. Eusko Ikaskuntzaren sorreran bertan hizkuntzak izan zuen garrantzia gogorarazi du eta etorkizunari begira ere horrela izan behar duela nabarmendu du.