Eragile sozialak ere justiziaren eta berdintasunaren alde aterako dira kalera
Kontseiluak larunbaterako antolatu duen manifestazioari atxiki zaizkio ELA, LAB, STEILAS, Bilgune Feminista eta SOS Arrazakeria. Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera, agerraldia egin dute hiru sindikatuetako ordezkariek. Bilbaok azaldu duenez, pertsonen arteko berdintasuna eta justizia aldarrikatzeko kalera aterako garen honetan, oso garrantzitsua da eragile hauen atxikimendua.
ELAko Maria Baldak azaldu du agerraldia egitearen arrazoia: “Gaur hemen bildu gara, uste dugulako beharrezkoa dela datorren larunbateko manifestazioan parte hartzea. Guk ere, aldarrikatzen dugu euskarari bide eman behar zaiola, berdintasunaren alde. Gaur egun, batzuk normal bizi dira, besteak eszepzio baten modura”.
Erlijio, arraza, sexu-aukera, egoera sozial edo genero arrazoiengatik pertsonak baztertzea okerra den bezalaxe, okerra da hizkuntzen segregazioa mantentzea euskaldunek pairatzen duten bazterkeria indartzen baitu. Aitzitik, “hizkuntzen integrazioaren alde egitea da gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren alde egitea. Honen aurka eginez, gainera, lanerako eskubidea ere zalantzan jartzen ari dira, euskaraz ez jakiteko pribilegioari eutsi nahian. Euskara jakitea zigortzen ari dira. Proposamen hori, alde orotatik da antisoziala”, ELAko ordezkariak azaldu duenez.
Hizkuntzen integrazioarekin lanpostu guztietan lehiatzeko aukera dute hautagaiek. Bi zerrendekin ez. Desberdinkeria sustatzen da. Halaber, euskaldunek (elebidunek) lan bikoitza egin beharko dute: bi azterketa eta bi programazio eta tasa bi aldiz ordaintzea.
Gehiengo sindikalak borrokatutako lorpen baten aurka ere ari direla esan du Baldak. Hizkuntzen integrazioa irakasleen eskubideen aldeko aurrerapen bat da.
Herritarrek aldaketaren alde egindako apustuaren kontrako erabakia dela ere azaldu dute. “Nafarroako aldaketaren alde egin genuen 2015ean. Gisa honetako iritziak, ez datoz bat aldaketarekin. Bi zerrenda izateak UPNk indarrean jarritako erabaki baztertzaile bat indarrean jartzea litzateke, nola eta lege bidez, gainera. Egoera betikotzeko ateak zabalduz, alegia”, LABeko Nora Salbotxek azaldu bezala.
Gogoratu du, UPNk euskararen eta euskaldunon aurka zeraman hizkuntza-politika zitalean hartutako hainbat erabaki. Eraikin publikoetatik euskara desagerrarazten, irudi korporatibotik, lan-deialdietatik… “Lan-deialdietan hautagai euskaldunak modu desberdinetara zigortzen zituen UPNk. Administrazio nagusian euskarazko lanpostua hartua zuten langileei barne-lehiaketetan euskarazko derrigortasunik ez zuten lanpostuetara lekualdatzeko aukera ukatuz; Nafarroan berezkoak edo ofizialak ez diren hizkuntzen ezagutza berezko hizkuntza, euskararena baino gehiago baloratzen lan-deialdietan; eta hezkuntzan, zerrenda bikoitzaren sistema erabiliz”.
“Nafarroako Gobernuak esan du sistema diskriminatzailea ez duela deialdietan berriz erabiliko” gogorarazi du LABeko ordezkariak. “Aitzitik, Gobernua sustengatzen duen alderdietako batek, PSNk egindako proposamena babestuko duela esan eta berretsi egin du. Erregimenak erabiltzen zuen bazterketarako neurri bat berriz ere indarrean jarriz. Hori inboluzioa litzateke”.
STEILASeko Raul Lopezek azaldu duenez, “kontraesankorra da D eredua Nafarroa osora zabaltzea babestu zutenek ukatzea hezkuntzako hizkuntzen integrazioa”.
Botere publikoek herritarrekiko duten betekizuna ere gogoratu du Lopezek “botere publikoen betekizuna da herritarrak berdintasunez hartzea. Eta orain esku artean dugun zerrenda bikoitzaren afera horren kontra doa. Ezin dugu onartu”. Eta ildo berean, alderdi batzuek Nafarroako gizartea normalizatzeko beren ardurari iskin egin diotela gehitu du.
Etorkizunari aurre hartu beharrean, lehen aldian kokatu direla ere esan du. “Aldaketarik gabe ezin da bazterkeriako egoera onbideratu. Inmobilismoa ez da bidea”.
“Euskaldunon eskubideen aurka ari direnen jarrera baldintzatu behar dugu, kalean. Horregatik, datorren larunbatean, Kontseiluak deitutako manifestazioan egongo gara eta dei egiten diegu justiziaren alde, pertsonen arteko berdintasunaren alde, benetako aldaketaren alde dauden herritar guztiei bertan parte har dezaten”.
Bide eman euskarari. Berdintasunaren alde! leloa izango duen manifestazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Iruñeko autobus geltoki zaharretik.
Kontseiluko idazkari nagusiak eman dio amaiera agerraldiari. Bilbaok, oso gogor salatu du Iruñeko haur eskolen aferan epaitegiak hartutako azken erabakia. “Harriduraz eta kezkaz jaso dugu erabakia, eskubideak bermatzeko erabaki eragingarria hartu zuelako udalak eta eskubideen jagole izan beharko luketen epaitegiek aurka egin dutelako”.
Iruzkinik ez "Eragile sozialak ere justiziaren eta berdintasunaren alde aterako dira kalera"