Euskararen Lege berria Berdintasunaren alde

2017ko abenduaren 15a Iruzkinik ez

kartelaHogeita hamaika urte dira eraiki zutela Nafarroan herritarren hizkuntza eskubideak bereizteko harresia. Nafarroako Euskararen Legeak lehen eta bigarren mailako herritarrak bereizteko harresia eraiki zuen. Herritar euskaldunak oinarrizkoa den hizkuntza eskubideaz gabetu zituzten agintariek, eta gaur egun, indarrean jarraitzen du euskaraz bizitzeko eskubidea bizi diren tokiaren arabera aitortu eta ukatzen digun legeak.

Urteotan guztiotan, Nafarroako euskalgintzak aldarrikatu du nafarren arteko berdintasuna eta euskaraz bizitzeko aukerak eraikitzen jarraitu du, zailtasun guztien gainetik. Orain, aldaketa politikoa gauzatzen hasi den honetan, lehen aldi ilunera itzuli nahi dutenek oztopatu nahi dituzte euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu nahian erakundeek hartutako erabaki aurreragarriak, hala nola aurreskoletan euskarazko zerbitzua handitzea edota hezkuntzako lan deialdietan irakaslegaien zerrenda bakarra erabiltzea. Bada, horren aurrean, gure jarduna indartuko dugu euskaraz bizitzeko eskubidearen defentsan.

Iaz, garai berean, Iruñeko Condestablearen jauregian egin genuen ekitaldian Euskararen Lege berri bat idazteko eskaria egin genien Nafarroako alderdiei. Berriki, Iruñerriko ehunka herritarrek helarazi dizkiote eskabideak Nafarroako Parlamentuari, euskaraz bizitzeko dituzten zailtasunak azalduz eta eskatuz euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan. Joan den urrian, lege berri hori prestatzeko batzorde bat osatzea onartu du parlamentuak. Euskarari bide emateko tresnak eskura daude, kemenez eta arduraz jokatzea dagokigu orain.

Bidegabekeria honi amaiera emateko unea da. Bota ditzagun harresiak, eraiki dezagun Nafarroa berri normalizatu bat, bizikidetzaren eta berdintasunaren mesedetan.