Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna aztertuko dute

2016ko apirilaren 28a Iruzkinik ez

LUHI3 aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk “Hizkuntza eta Lurraldea. Oraina & Geroa” jardunaldiak antolatu dituzte hirugarren urtez. Edizio honetan Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna irudikatu nahi da, esperientzia zehatzak aurkeztuz, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartuz, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea iradokiz. Honokoarekin hiru urteko zikloa itxi egiten da, eta antolatzaileek egindako lanak ondarea utzi duela azpimarratu dute.
Topaketak maiatzaren 12an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da. Izena emateko: www.ueu.eus

Prentsaurrekoan Mikel irizarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak; Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak; Josu Labakak, UEMAko Lehendakariak eta Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak hartu dute parte.

Mikel Irizarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza berdintasunerako Zuzendari Nagusiak abiatu du prentsaurrekoa: “Hirigintzak edo herri lanek ingurumenean zuten eragina neurtzen hastea zerbait exotikoa izan zen, 70eko hamarkadan. Orain, ordea, legez egin beharrekoa da eraginaren neurketa eta, emaitzen arabera, neurri zuzentzaileak hartu behar dira. Eta gerta daiteke egitasmo bat bertan behera geratzea, eragin hori gehiegizkoa eta saihestezina izan badaiteke. Duela hiru urte lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren arteko loturak aztertzen hasi ginenean, hura ere ezin exotikoagoa suertatu zen. Baina denbora erakusten ari da norabide egokian egindako lana zela, dagoeneko eragin linguistikoa ebaluatzeko lehen saioak egin dira eta aurtengo jardunaldian esperientzia horietaz arituko gara. Gaia dagoeneko euskal agendan dago, Lekarozko Aroztegia lekuko. Eta gure legedian ere sartu da: onartu berri den Tokiko erakundeen legeak eragin linguistikoaren ebaluazioa arautzen du. Eta Galesko Bangor herrian gelditu berri dute 366 etxebizitza egiteko proiektu bat. Han ez da bat ere exotiko.Eta gurean ere eragin linguistikoaren ebaluazioa hasi da exotiko ez izaten”.

Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak, jardunaldiak egin diren hiru urteko ziklo honen baliagarritasuna azpimarratu duten arrazoiak azaldu ditu:

1.    Euskalgintzaren eta instituzioen arteko konplizitateak eta elkarlanak zer-nolako eragina izan dezakeen ikusteko
2.    Eragiteari begira prozesuen urratsak zein diren finkatzeko:
•    Lehenik eta behin kezka partekatu genuen.
•    Bigarrenik, kezka horren hari-mutur guztiak zehazten saiatu ginen, are gehiago, hizkuntzaren gaiaren zeharlerrotasuna agerian jarri genuen, eta lortu genuen hainbat diziplinatako adituak ere gurera ekartzea.
•    Hirugarrenik, gure mugetatik kanpo fenomeno honi nola egin izan dioten aurre aztertu genuen.
•    Laugarrenik, arazo horri aurre egiteko tresna baten beharra plazaratu.
•    Ondoren, tresna hori sortu eta esperientzia pilotuak abiarazi.
•    Tresna hori corpus juridikoan eranstea lortu, alegia, balio legala esleitu.
•    Aurrera begira arazo horri aurre egiteko neurri zuzentzaileak proposatu.

Era berean, Bilbaok jarritako xedeak lortu direla azaldu du: “Hirugarren jardunaldi hauekin zikloari amaiera emango diogu, baina azpimarratu nahiko nuke jardunaldi hauek, honez gero, arrakastatsuak izan direla eta helburu nagusia bete dutela. EAEn onartu berri den Udal Legeak jaso egiten du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharra, hain zuzen ere, jardunaldi hauen lehen urtea definitu genuenean geure helburua jarri genion helburuetako bat bete egin da, eta, beraz, hiru urtetako lan honek ondarea utzi du”.

Josu Labakak, UEMAko lehendakariak nabarmendu duenez, “azken urteotan GFAk,  Kontseiluak eta UEMAk abiatu genuen bidea eta egindako lana ari da emaitzak ematen, eta Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien ibilbidea eta horrek izan duen eragina da horren lekuko. Lurraldeak eta hizkuntzak lotura bazutela uste genuen, eta azterketek eta egindako bideak hori horrelaxe zela baieztatu digute. Udalerri euskaldunetan gertatzen ari den hizkuntzaren bilakaeran badu lurralde antolaketak eta hirigintzak zer esanik. Baina hori horrela dela esateaz gain, hizkuntzaren gaia zeharlerrotasunez lantzen hasi, eta egoera berrirako behar genituen tresnak sortu ere egin ditugu. Lehenengoz Euskal Herrian, eragin lingusitikoaren ebaluazioa neurtzeko tresna sortu dugu. Iazko jardunaldien ondotik, UEMAk bere udaletan tresna hori erabiltzen hasteko konpromisoa hartu zuen, eta baita bete ere. Eragin linguistikoaren ebaluazioa errealitatea da gaur gaurkoz: Lekarozen, Orion, Alegin, Orexan, Munitibarren eta atzetik tantaka tantaka datozen beste hainbat udaletan aitzindari lana egin dugu. Eta lan horri esker, besteak beste, lortu dugu udalerri euskaldunetan egoera soziolinguistikoan eragina izango duten proiektuetan eragin linguistikoaren ebaluazioa EAEko udal legean bertan txertatzea ere.

Oraindik ere, ordea, lan handia dugu gai hau jendarteratzen eta gai honen inguruko pedagogia egiten. Udalerri euskaldunetan horretan ari gara. Izan ere, gizarte osoaren sentsibilizazioa ezinbestekoa da, hizkuntzaz ari garenean, ekologian eta beste esparru batzuetan hain ohikoak diren kontzeptuak ulertezinak bihurtzen direlako askorentzat”.

Azkenik, Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak maiatzaren 12an egingo diren jardunaldien egitaraua aurkeztu du. Hiru zati nagusi izango ditu: ELE tresnaren esperientzia zehatzak aurkeztuko dira, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileei buruz hausnartuko da, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea ere aztertuko da. Bestetik, Iñaki Alegriak aurreratu du datorren ikasturtean antolatzaile guztiek gai honi buruzko graduondoko bat prestatu dutela EHU/UPVrekin batera.