Euskaldunon hizkuntza-eskubideen eta euskararen lurraldetasunaren aurkako urraketa da Nafarroan ETBren seinalea etetea

2016ko maiatzaren 04a Iruzkinik ez

EITB-AntenaJakin berri dugunez, Euskal Irrati Telebistak ostegunean itzaliko du ETBren seinalea Nafarroan, Estatu espainiarreko Industria Ministerioaren aginduz. Horren aurrean Kontseiluak honakoa adierazten du:

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok horrela salatu du egoera: “Salatzen ditugu euskaldunon erabakietan Estatu espainiarreko Gobernuak egin duen mehatxuzko esku-hartze berri hau, eta erabaki horri bide eman dion UPNren salaketa. Euskaldunon hizkuntza-eskubideen eta euskararen lurraldetasunaren aurkako urraketa bat gehiago da”.

“Eraso larria egin zaie adierazpen-askatasunari, informazioa askatasunez hedatzeari, eta kultur aniztasunari. Zentsuratzat besterik har ezin daitekeen eraso larria da, eta ez dugu onartzen”, esan du Bilbaok.

Espainiako Gobernuak eman duen agindua Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren aurkakoa da. Itunaren 11. artikuluak bere 2. atalean dio alboko herrialde batean erregio edo gutxiengoen hizkuntzan nahiz hauen antzekoren batean sortutako irrati edo telebista-saioak zuzenean hartzeko askatasuna bermatzeko konpromisoa hartuko dutela kartagileek, eta baita alboko herrialdeetan hizkuntza horietan egindako irrati edo telebista saioak hedatzeari oztoporik ez jartzeko ere.

Badira dagoeneko Nafarroan sortutako euskarazko telebistak, euskarari bide ematen diotenak euskarazko programazio duina eskainiz. “Eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari dagoneko badagoen ikus-entzunezko euskarazko eskaintzari bide ematea eta bermatzea, eta zentzu horretan, EITBren emisioa Nafarroan jasotzen jarraitzeko modua egitea.

Euskaraz komunikatu, informatu eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu! Horregatik, euskarari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko manifestazioa egingo dugu ekainaren 4an Iruñean”.