Erroko aldaketa egin behar da administrazio euskalduna lortzeko
Herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dekretu baterako proposamena egin du Kontseiluak. Eusko Jaurlaritzak gaia jorratu behar du eta Kontseiluak bere ekarpena landu eta aurkeztuko die alderdiei. Neurri zehatzez gain, sistema bera aldatu beharra dago Kontseiluaren ustez.
Azken hiru hamarkadetan hobetu egin da euskara era batera edo bestera ezagutzen duten langileen kopurua Araba, Gipuzkoan eta Bizkaian. Dena den, aurrerabide horrek ez ditu ekarri, hein berean, herritarren hizkuntza-eskubideen bermea, ezta euskaraz jarduten duen administrazio bat ere. Euskara hizkuntza ofiziala izanik ere, bere ezarpenean ofizialtasuna desorekatua da, gaztelaniaren mesedetan, eta Administrazioak ez ditu bermatzen euskaldunen hizkuntza-eskubideak. Administrazio euskalduna lortzeko garaia da, eta helburu horri epea jarri behar zaio.
Kontseiluak uste du interesgarria litzatekeela sistemaren beraren goitik beherako azterketa egitea, hizkuntzaren normalizazioari dagokionez egokiena izan daitekeena definitzeko. Eredu berri bat proposatu behar da, erdigunean jarduera eta ez lanpostua jarriko duena. Ekosistema euskalduna eraikitzea ahalbidetuko duena. Proposamena egiteko oinarria Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan (2016) du. Proposamen honen oinarrian daude “Hizkuntza-politika berri eraginkorra” (2009) eta “EAEko hizkuntza-politika garatzeko hamahiru proposamen” (2016) dokumentuak ere.
Dekretu berri bati begira erantsi beharreko elementu berriak ere proposatzen dira, are integralagoa izan dadin. Ezaugarri nagusi hauek jasotzen dira: hizkuntza-eskubideen bermeak gidatuko du erakundearen jarduera; euskara lehenetsiko da; prebentzioaren eta eraginkortasunaren ezaugarriak barneratuko dira. Orain arte ez bezala, erakunde guztiei eragin behar die Dekretuak, Kontseiluaren proposamenaren arabera. Langile berriek euskara ezagutu beharko dute eta honekin batera urrats berri bat ematea ere beharrezkoa da: sarrera-froga euskaraz egitea, alegia. Hizkuntza-gaitasun agiriari iraungitzea jartzea proposatzen du Kontseiluak euskaraz lan egiten ez dutenentzat.
Bestetik, langileen euskalduntze programa definitiboa egitea ere jasotzen da. Administrazioaren langileak bezala, politikarien euskalduntzea ere jasotzen du proposamenak. Gaur egun gertatzen denaren aldean, hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeak lanpostutik kentzeko espedientea zabaltzea proposatzen da. Baita salbuesteko aukera bertan behera uztea ere. Langile euskaldunek euskaraz lan egiteko duten eskubidea ere jasotzen da proposamenean. Subsidiaritate printzipioa oinarri hartuta, logikoa da.
Halaber, administrazio-kontratuetan hizkuntza-irizpideak ezartzea proposatzen da, herritarren hizkuntza-hautua beti eta ororen gainetik errespetatzeko. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egitea ere jasotzen da, prebentzio linguistikoaren ikuspegia txertatuz.
Iruzkinik ez "Erroko aldaketa egin behar da administrazio euskalduna lortzeko"