Helduak doan euskalduntzeko proposamena aurkeztu du Kontseiluak sektorearen babes handiarekin
Kontseiluaren baitan biltzen den helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreak Doakotasuneranzko bidean izeneko proposamena landu du. Kontseiluak, bere sorreratik hainbat proposamen jarri du mahai gainean, arlo desberdinetan (Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen, Hizkuntza Politika Berri Eragingarria, kasu). Oraingo hau, horiei gehituko zaien beste lan bat da.
Elkarlanean oinarritutako proposamena da, izan ere, Kontseiluaren baitako eragileei (AEK, IKA, Maizpide eta Urrats eta Hitzez euskaltegiak), beste hainbat gehitu zaizkie, Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai and By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde. Guztion artean osatutako proposamena Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko zaio.
Aldarrikapen historikoa izan da Euskal Herrian euskara ikastea doakoa izatea. “Justiziazkoa delako. Izan ere, herri kohesionatua nahi badugu, herritar guztiei tresna guztiak eskaini behar zaizkie eta hor kokatu behar dugu berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea”, esan du Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan horretarako zein neurri behar diren jada zehaztuta dagoela gogora ekarri du, halaber, Bilbaok.
Egindako txostenaren bidez, agerraldian azaldu bezala, Kontseiluak proposamen zehatza egin nahi dio Eusko Jaurlaritzari euskalduntze prozesuaren doakotasunaren baitan. “Agintean dagoen Gobernua eratzeko itunean bertan jaso egin zen helburu gisa euskararen gizarte-hazkundea finkatzea, euskal hiztunen kopurua handituz eta hizkuntza-gaitasuna hobetuz; bai eta helduek C1 mailara arte euskara doan ikasi ahal izateko prozesua amaitzea ere”, gogorarazi du Kontseiluko eledunak.
Proposamenean, lau ideia nagusi jasotzen dira. Lehenik eta behin, euskalduntze-prozesu osoari laguntza eta ez, bakarrik, erabiltzaile independente izan artekoari. “Pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila da zehazten. Egia da, egun, administrazio publikoetako lanpostuei begira hizkuntza-eskakizunen sistema jarrita dagoela. Gure proposamenari dagokionez, eztabaida ez dugu kokatu nahi lanpostu zehatz baterako pertsona batek izan behar dituen gaitasun komunikatiboetan. Aitzitik, herritarrek beren burua osoki euskalduntzeko lortu beharreko gaitasunak dira guretzat oinarri”, argitu du Bilbaok.
Bestetik, doakotasuna, ikaslearen aprobetxamenduaren baitan bermatzea proposatzen da. Ikasleak, horretarako, %75eko asistentzia bermatu beharko du. Eta euskalduntze-prozesua kronifikatu ez dadin, 2.000 orduko ikastordu-kreditu muga proposatzen da.
Euskalduntzearen doakotasuna Euskal Jaurlaritzaren eskumena izatea proposatzen da eta horretarako, leihatila bakarra egotea, HABEren bitartez kudeatuko dena.
Amaitzeko, inbertsio ekonomiko egokiak ahalbidetzea proposatzen da, doakotasuna bermatu ahal izateko. Ildo horretan, Bilbaok aipatu du, “zerbitzu publikoa den heinean, helduen euskalduntzearen zerbitzuaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak hartu behar du bere gain”.
Iruzkinik ez "Helduak doan euskalduntzeko proposamena aurkeztu du Kontseiluak sektorearen babes handiarekin"