Hizkuntza Eskubideen Behatokiak zuzendari berria izendatu du
Agurne Gaubeka Erauskinek hartu du Garbiñe Petriati Ijurraren lekukoa Behatokiaren zuzendaritzan. Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkio Petriati andreari azken hamarkadan egindako lanarengatik eta Behatokiari eskainitako guztiagatik.
Ia hamar urtez aritu da Garbiñe Petriati Ijurra Euskararen Kontseiluak sustatu eta bideraturiko Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaritzan lanean, hizkuntza-eskubideak bermatzeko bidea eginez.
2019ko azken hiru hilekoan sartuta, Behatokiak ziklo berri bati ekingo dio, baina sorreratik dituen funtzioei erantzunez, hain zuzen ere, hizkuntza-eskubideen urraketak pairatzen dituzten herritarrei laguntzea eta Euskal Herriko hizkuntza-eskubideen egoeraren berri ematea. Hala, zuzendari berriak alboan izango du Petriati bere egiteko berrietan.
Agurne Gaubekak (Bermeo, 1984) Lan-zientzietan (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Lan-harremanetan (Euskal Herriko Unibertsitatea) ditu ikasketak. Eskubideen esparruan aritu izan da orain arte, bereziki ikuspegi feministan egin du bidea eta sindikalismoan bai Katalunian zein Euskal Herrian aritutakoa da.
Aurrerantzean, Behatokiak lan ildo berriak jorratuko ditu; oinarrizko eskubideak urratzen dituzten beste kolektiboekiko aliantza berriak eraikiz.
Bukatzeko, Kontseiluak nabarmendu du Petriatik egindako ibilbide guztia herritarren eskubideen urraketen aurrean erantzuteko eta denontzat onuragarriak izango diren proposamenak garatzeko; hori dela eta, gaineratu du, “Agurne Gaubekak zuzenduko duen hizkuntza-eskubideen zaintza lan eta norabide berri honetan beharrezkoa izango da bederatzi urtez zuzendaria izan den Garbiñe Petriatiren esperientzia eta inplikazioa”.
Iruzkinik ez "Hizkuntza Eskubideen Behatokiak zuzendari berria izendatu du"