Hizkuntza-politika berritzeko bide-orria garatuko du Kontseiluak
Kontseiluak 2017ak euskararen normalizazioan zer eman duen eta, horretan oinarrituta, hurrengo urterako erronka nagusiak aurkeztu ditu. Horrela, Kontseiluko ordezkariak berretsi du hizkuntza-politikek sabaia jo, eta sakoneko berrikuspenak egin beharko liratekeela. Protokoloak eskaintzen duen oinarri sendoa baliatuko dute hizkuntza-politika berritzeko proposamena garatzeko.
Gaur goizean egin du aurkezpena Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak 50 eragile baino gehiagoren aurrean. Tartean izan dira, besteak beste, Kontseilua osatzen duten bazkideak, zenbait instituzio, eragile sindikalak, ekonomikoak, politikoak, hedabideak eta bestelakoak ere.
Urteko irakurketa egiteko Kontseiluak prentsan euskararen normalizazioaren inguruan jasotako berriak izan ditu oinarri, eta gertaerak antolatzearren hizkuntzaren normalizazio-prozesua irudikatzeko Kontseiluak erabiltzen duen lau zutabetako eraikinaren metafora baliatu du. “2017an euskararen normalizazio-prozesuan eragiten duten lau faktoreen bilakaera azaldu nahi izan ditugu, hain zuzen ere, herri gogoa, corpus juridikoa eta araugintza, plangintzak eta baliabideak.” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.
Horrekin batera, Bilbaok gogora ekarri du 2017an euskararen osasuna zein den erakusten duten bi inkesta nagusi egin direla eta horiek ere izan ditu oinarri etorkizuneko erronkak zehazteko: “Hizkuntza-politiken sakoneko berrikuspena egin beharra ikusten dugu. Hizkuntza-politikak birpentsatu behar ditugu. Bide horretan, bada garaia hizkuntza-politikak ikuspegi holistikoarekin eta integratzailearekin garatzeko; bada garaia administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez garatuko diren hizkuntza-politikak abiatzeko; bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza-eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza-politika abian jartzeko.” esan du Bilbok.
Lau zutabeen azterketari dagokionez, Bilbaok adierazi du urteko balantzeak erakutsi duela euskararen aldeko gizarte mugimenduak, bere historian zehar behin eta berriro erakutsi duen bezala, bere burua eta bere egitasmoak berritu eta eraberritzeko duen gaitasuna. Are gehiago, hori gabe, Kontseiluko ordezkariaren arabera, ezin uler litezke, Korrikaren arrakasta edota Euskarak 365 egun bezalako egitasmoak. Horiek izaniko arrakastak, berriz, beste behin agerian utzi du euskararen normalizazioaren aldeko herri gogo indartsua “Zutabe horrek normalizazio-prozesua elikatu izan du urteetan, oraindik elikatzen jarraitzen du eta aurrera begira hala egiten jarraituko duen uste sendoa dugu” esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Hizkuntza-politikei dagokienez, berrikuntzarik handienak Nafarroatik etorri direla gogoratu du Kontseiluko arduradunak “Normala izan liteke, besteak beste, urteetako politika glotozidaren ondotik, ia dena baitago egiteko edota eraikitzeko bertan. Halere, euskaldunon hizkuntza-eskubideak egikaritzearen aurkakoen jarrera deseraikitzailearen eta beligerantearen aurrean, nabarmen geratu da”. Ipar Euskal Herriari dagokionez, instituzionalizazio-prozesuak eta horren ondorioz sortutako Euskal Hirigune Elkargoak hizkuntza-politikan aukera berriak sortu ahal izango dituela adierazi du. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, aspaldiko urteotan hizkuntza-politiketan berrikuntza handirik sumatu ez dela sumatu esna du.”Halere, hizkuntza-politikan lankidetza berrietarako aukeren atea zabaltzen ari den seinaleak ikusten ari direla esan behar dugu” esan du.
Azterketa horretan oinarrituta, Kontseiluko ordezkariak azpimarratu du hurrengo hilabeteotan euskararen normalizazioan garrantzia izan dezaketen erabakiak hartuko direla, eta beraz, Euskalgintzak, eta noski Kontseiluak, adi egon behar dutela horietan guztietan eragiteko. Horri begira, Bilbaok gogorarazi du badugula esku artean, Europan eta Euskal Herrian hizkuntza-politiken inguruan inoizko adostasun handien izan duen iturburuko kodea. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak oinarri ezin hobea eskaintzen digu aipatutako hizkuntza-politikaren berrikuspena egin ahal izateko, etorkizuna nondik etorri beharko lukeen irudikatzeko. Hor kokatu du azken hilabeteotan Kontseiluan egindako lana, hain zuzen ere, Euskal Herriko berrogeita hamarretik gora gizarte eragilerekin Protokoloaren Euskal Herriko Kaiera lantzen ari da. Euskal Herriko errealitatetik abiatuta, hizkuntza-eskubideak egikaritzeko neurri efektiboak eta zehatzak definitzeko.
Horrexegatik Kontseiluko idazkari nagusiak gaurko aurkezpena baliatu du 2018an Kaiera horren aurkezpenak beste mugarri bat ekarriko duela aurreratzeko. “2018an Kaiera aurkezteaz gain, proposamen berri horren bueltan jarri nahi ditugu Euskal Herriko eragileak. Finean, hizkuntzaren normalizazio-prozesua ez da Euskalgintzak bere baitan garatuko duen zerbait” adierazi du.
Horrexegatik, Kontseiluak 2018an jauzia egiteko aukerak egongo direla adierazi du. Batetik, dinamika soziala ikaragarriari ekingo zaiolako euskalgintzaren eta instituzioen artean; bestetik, Europako hainbat eragileren babesarekin, baina Euskal Herriko eragileen ekarpenekin adostutako bide-orria izango dugulako. “Hartara, gizarte eragileok zein instituziook lankidetzan jauzia emateko aukera errealak daude” adierazi du Bilbaok. Eta, Kontseiluak horretan indarra, pasioa eta determinazioa jarriko dituela adierazi du.
Iruzkinik ez "Hizkuntza-politika berritzeko bide-orria garatuko du Kontseiluak"