Kontseiluak ere KLIKA egingo du
KORRIKAko arduradunak
21. edizioaren aurkezpena egin du
zuzendaritza-batzordean
Apirilaren 4tik 14ra Euskal Herria iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatuko duen euskararen aldeko ekimen erraldoiarenaren nondik norakoak azaldu dizkio KORRIKAko arduradun Asier Amondok KONTSEILUAren zuzendaritza batzordeari.
KORRIKAko arduradunak azaldu bezala, aurtengo edizioak KLIKA egiteko eskatzen digu: “Klika aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea. Are gehiago, klika egin behar diogu garai berri bati, kulturari eta gure hizkuntzari. Izan ere, Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Horren ondorioz, euskararen aroan gaude; orain dugu unea eta orain dugu aktibatu beharra” adierazi du. Amondok.
Bestalde, KORRIKAKo arduradunak azaldu bezala, Txilardegi omenduko du 21. KORRIKAk euskaldunoi egindako ekarpenengatik, besteak beste, hilabeteotan 50. urteurrena ospatzen ari garen euskara batuan.
KONTSEILUko idazkari nagusi Paul Bilbaok eskerrak emateaz gain goraipatu du aurten KORRIKArako baliatuko den leloa. “Ari gara, bai, behin eta berriz esaten norbanakoen aktibazioak eta ahalduntzeak normalizazio-prozesua azkartuko dutela. KORRIKA horretarako ekimen ikaragarria da. Halere, normalizazio-prozesua soziopolitikoa da. Horrexegatik, uste dugu jauzi kolektiboa egiteko garaia iritsi dela, eta nahiko genuke aurreko KORRIKAn Santiagoko Zubian egindako argazkia konpromisoz betetzea honako honetan” esan du Kontseiluko ordezkariak.
Azkenik, Bilbaok herritar guztiei dei egin die KORRIKAren bueltan antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko: “Egin dezagun guztiok klika” gaineratu du.
Iruzkinik ez "Kontseiluak ere KLIKA egingo du"