NBEko Errelatoreari helarazi genizkion kezkak bere egin ditu

2019ko urtarrilaren 28a Iruzkinik ez

nbe

Gutxiengoen Aferetarako Errelatore Fernand de Varennesek bi asteko bisita egin du Espainiako Estatuan eta, besteak beste, Kontseiluko ordezkariekin bildu zen. Bisitaren lehen balantze publikoan Kontseiluak aurkeztutako gabeziak agertu ditu.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2012an onartutako Gutxiengo Nazional edo Etniko, Erlijioso, eta Linguistikoetako kide diren Pertsonen Eskubideen Deklarazioaren betetze-maila aztertzeko egiten ditu bisitak Gutxiengoen Aferetarako Errelatoreak: “Jakin dakigu Deklarazio horrek oso aitortza lausoa egiten duela hizkuntza-eskubideei dagokienez, baina helduleku hori ere erabili beharra ikusi zuen Kontseiluak hemengo gabeziak helarazteko” adierazi du Kontseiluko idazkari eta Errelatoreri egoeraren berri eman zion Paul Bilbaok.

“Kontseiluak, ohikoa duen moduan, herritarren bizipenetan oinarritutako Language rights of Basque speakers izeneko dokumentua helarazi eta azaldu zion Errelatoreari,” gaineratu du Bilbaok.

Txostenean hiru atal bereizi ziren. Lehenik eta behin, Espainiako Estatuak gutxiengoei aitortzarik egiten ez diela salatu zuen; bigarrenik egun hizkuntza-eskubideen eremuan dauden gabezia nagusienak aurkeztu zituen, besteak beste, justizian eta Estatuko administrazioan. Hirugarrenik, Nafarroan zonifikazioaren ondorioz herritarrak eskubidez gabetu egiten direla jasotzen zuen. “Uste dugu Estatuaren jarrera salatu beharrekoa dela, baduelako joera nazioarteko itunak berresteko eta gero horien aplikazio murritza egiteko. Halaber, Nafarroan gertatzen den bidegabekeria ere mahai gaineratu beharrekoa zela iruditu zitzaigun” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Aurreko ostiralean, Errelatoreak bisitaren lehen ondorioak publiko egin zituen eta, besteak beste, honako elementuak plazaratu zituen: “Etena dago ofizialtasunaren estatusaren eta legearen inplementazioaren artean. Halaber, eten hori are agerikoagoa da justiziaren eremuan, hezkuntzan, Estatuko administrazioekiko harremanetan, bai eta hizkuntzak estatus ofiziala ez duen eremuetan ere, esaterako, Asturias eta Nafarroan.”

Kontseiluak oso positiboki baloratu du Errelatoreak lehen agerraldi honetan jaso dituen elementuak, berak helarazitako kezkak dituelako oinarri. “Uste dugu de Varennes jaunak ongi ulertu duela zein den euskaldunok bizi dugun egoera” adierazi du Paul Bilbaok. “Horrela, hemendik eta hilabete batzuetara plazaratuko duen ondorioen eta gomendioen txostenak Estatuari neurri eragingarriagoak hartu beharra eskatuko diola uste dugu” gaineratu du.

Errelatoreari aurkeztutako txostena (ingelesez)

Etiketak: