Lurralde antolaketan ELEren balioa praktikan erakutsiz eman zaio hiru urteko zikloari amaiera

2016ko maiatzaren 13a Iruzkinik ez

LUHI3jendeaLurraldea eta Hizkuntza jardunaldien 3. edizioa egin da Donostian. LUHI jardunaldiek duela hiru urte jarritako helburua bete dutela berretsi da bertan. Hainbat jardunek euskararen garapenean izan litzaketen ondorioez hausnartu dute; beste herri batzuetan egoera horiei nola erantzun zaien aztertu da; gurean eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko tresna eskatu zen; tresna hori sortu aplikatu eta ebaluatu egin da, eta azkenik, gure lurraldearen zati batean eragin linguistikoaren erabilera legez egin dadila jaso da. UEMAk, Kontseiluak, UEUk eta Gipuzkoako foru Aldundiak elkarlanean antolatutako egitasmoa izan da.

Hasierako helburu nagusia, bai eta aurreko jardunaldietako ondorioak ere, bete egin direla ondorioztatu dute jardunaldietako antolatzaileek.

LUHI3mahaia“Jardunaldi hauen lehen edizioan esan bezala, arnasguneak nahitaezkoak dira hizkuntzen berreskurapen-prozesuetan. Euskararen normalizaziorako abiapuntu eta helmuga dira arnasguneak. Hain zuzen, galera-prozesua eman den kontrako norantzan, arnasguneak euskarari eusteaz gain, horiek hedatuz, berriak sortuz emango da normalizazioa. Hartara, gure helburua ez da arnasguneak babestera mugatzen, babestu ez ezik garatu eta hedatu ere egin behar dira”, azaldu du Batzorde Akademikoak (Paul Bilbao, Unai Fdez de Betoño, Miren Segurola eta Iñigo Urrutia).

Azkenik, etorkizunari begira kontuan hartu beharreko elementuak azaldu dituzte:

 

1. Udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak
Udalerri euskaldunetako euskararen ezagutzaren jaitsieran eragin duten bi faktore nagusiak etxebizitza-hazkundea eta biztanle-mugimendua izan dira.
Frogatutzat ematen da hirigintzak udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoan duen eragina.
Honenbestez, gune horietan egingo diren proiektu eta jarduerek egoera horri mesede edo kalte egingo dioten neurtzea ezinbestekoa izan behar du.

 

2. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa: Tresna eragingarria
Ebaluazioarako tresna egokia da ELE, eta tresna hori erabil dadila lehenetsi beharko litzateke, besteak beste, 2/2016 Legearen 7.7. artikuluak jasotzen duena betetzeko.
Tresna dinamikoa da ELE, eta beraz, gaurkotzeak eta eguneratzeak beharko ditu.
Dagokion administrazio publikoak tresna eguneratzeko bitartekoak eskaini

 

 

3. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak aukera interesgarriak zabaltzen ditu
2/2016 Legeak 7.7 artikuluan betebehar orokorra ezarri du, proiektu eta plangintzak onesteko prozeduretan, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatzeko.
Nafarroako araudian hori jasotzeko urratsak beharko lirateke.
Ipar Euskal Herrian ELE aplikatzeko aukerak aztertzea aurreikusi beharko litzateke.
 

 

4. Corpus juridikoan urrats berriak egin behar dira: 2/2016 Legea garatzeko beharrezko Dekretuak onartu eta abian jarri behar dira
Toki Erakundeei buruzko Legeak aipatzen dituen bi kategoria berriak, hain zuzen ere, arnasguneak eta udal euskaldunak Dekretuz definitu behar dira.
Dekretuak argitu beharko du Toki Erakundeei buruzko Legearen 7.7 artikuluak aintzat hartzen duen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa zein kasutan aplikatuko den[1].
Dekretuak argitu beharko du zein proiekturi aplikatuko zaion. Udal Legeak proiektu eta plangintzak aipatzen ditu (udalerrien egoera soziolinguistikoaren gainean eragin linguistikoak izan ahal baditzakete), baina hedapena ez da argia[2].
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa administrazio-prozeduretan nola txertatuko den argitu beharko den, eta zein balio juridikorekin (loteslea bere osotasunean /loteslea soilik negatiboa izanik/ neurrietan lotesleak…).
Komunikazioz edo aitorpen arduratsu bidez baimentzen diren jardueren kasuan ere Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharko litzateke. Kasu horiei begira Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaz arduratuko den erakundea nor izango den zehaztu beharko da.
Udalerri euskaldunen eta beste administrazioen arteko harremanak koordinatzeko baliabideak ere asmatu beharko dira, izan ere Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa ez dagokie udalei soilik, aldiz Foru Aldundiak edo Jaurlaritzak onartzen dituen Plangintzetan ere aplikagarria izango da udalen gainean eragin linguistikorik sortarazten badituzte.
Argitu beharko da nori dagokion ELEak lantzea: proiektuetako promotoreei, plangintza onartzera datorren administrazioari…, eta zein izango den udalerri euskaldunetako udal-administrazioaren egitekoa.
Neurri zuzentzaileak benetan eragingarriak izan daitezen, beharrezkoa den babes juridikoa eskaini beharko du garapenezko Dekretuak, 0 alternatiba barne hartuz.

 

 

5. Euskararen plan sektoriala
EAEko Legebiltzarrean 2/2006 Lurzoruaren Legea aldatzeko ponentzia jarri da martxan. Lurzoruaren Lege berriak ELE barne hartu beharko luke, haren aplikazioa derrigortuz, bai udalerri euskaldunetan (>% 70eko indizea) bai haien inguruko buffer-zonetako udalerrietan.
EAEko Ingurumen eta Lurralde Politiketako Sailak ELEren derrigortasuna aldaketa-prozesuan dauden Lurraldea Antolatzeko Gidalerro berrietan ere txertatu beharko luke.
EAEko Ingurumen eta Lurralde Politiketako Sailak Euskararen Lurralde Plan Sektorial bat garatu beharko luke, euskararen arnasgune geografikoak babesteko, antolatzeko eta kudeatzeko asmoarekin, bai eta haiek zabaltzeko helburuarekin ere.
Euskal Herri osoko administrazioetako garapen iraunkorrerako plan estrategikoak moldatu behar dira, euskararen babesa eta biziberritzea jasoz, berezko kulturaren osagai funtsezkoa den heinean.

 

6. Formazio-eskaintzaren beharra
UEUk sustatua, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko ikasketak abian jarriko dira, eta horren sozializazioa egin beharko litzateke hizkuntza-teknikariez haratago.

[1]            Udal Legearen 7.7 artikuluaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ez datoz bat. Gaztelaniazko bertsioak ez ditu udal euskaldunak aipatzen

[2]            Orokortasun maila zabala izan dezaketen plangintza eta programez gain, proiektu zehatzak ere ebaluatu behar badira, komenigarria litzateke ebaluazio sistema egokituak aurreikustea dekretuz: ebaluazio sistema orokorra, sistema sinplifikatua plangintza orokorretarako berezia.