Nafarren arteko ezberdinkeriarekin amaitzeko eskaerak eraman dituzte Nafarroako Parlamentura
Kontseiluak urriaren 11n aurkeztutako Euskara Ofiziala Osoan ekimenari amaiera eman dio, azken asteotan Iruñean, Antsoainen, Atarrabian, Barañainen, Berriozarren, Burlatan, Mutiloan eta Sarrigurenen jasotako eskaerak Nafarroako Parlamentuaren esku utziz.
Eskabideak Nafarroako Parlamentura eraman aurretik, Iruñeko herritarren eskabideak bertako Udaleko zinegotzi Aritz Romeoren esku utzi dituzte euskalgintzako ordezkariek, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera.
Ondoren, Nafarroako Parlamenturako bidea hartu dute bertaratutakoek. Bidean, beste herri batzuetako ordezkariak bildu zaizkio segizioari eta, modu sinbolikoan, haien herrietan bildutako eskaerak Kontseiluko ordezkariaren esku utzi dituzte.
Nafarroako Parlamentura iritsita bertako Erregistro Nagusian sartu dituzte milatik gora eskaerak. Kontseiluko ordezkariak aurkezpena egin zenean egindako hitzak gogorarazi ditu: “Orduan gogorarazi genuen eta gaur berriz egingo dugu, bere horretan jarraitzen du euskaldunok Nafarroan pairatzen dugun bereizkeriak”.
Bazterkeria horren eragilea hizkuntza-eskubideen eskualdekatzea dela ere esan du Kontseiluko eledunak. “Eremu euskalduna izendatutakotik kanpo, nafarrok ez dugu ziurtatuta euskaraz aritzeko hautua errespetatzea. Erakundeek ez dute zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko beharkizunik. Ordea, gaztelaniaz bizi nahi duenak aitortua eta bermatua du, Nafarroa osoan, gaztelaniaz artatua izateko eskubidea. Horrela, legez ezarrita dago nafarren arteko ezberdinkeria”, gaineratu du Bilbaok. “Euskaldunok zailtasun handiak ditugu, euskaraz bizitzeko. Bizipen horiek kontatu dizkigute herritarrek, eguneroko mila borroka, euskaraz bizitzeko. Horiek ekarri ditugu Parlamentura”.
Horrela, Bilbaok gogoratu du eskaera bakoitzaren atzean herritar bat dagoela: “musika-eskolan euskaraz eskaintza jasotzen ez duten herritarrak; euskara erabiltzeko espazioak eskaintzen ez zaizkien herritarren seme-alabak; osasun zerbitzua euskaraz jasotzen ez duten herritarrak … Milatik gora gertaera eta horiek izebergaren tontorra besterik ez dira”.
Horrekin batera, Bilbaok azaldu du begi onez hartu zutela denbora-tarte honetan Parlamentuak ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeari begira Euskararen Lege berri bat proposatzeko batzorde berezi bat sortu izana: “Berri pozgarria da, bai, baina badakigu bidea ez dela erraza izango. Duela gutxira arte Gobernuan egondako alderdien kontrako jarrera gero eta bortitzagoa da, eta jarrera horri, irakasleen zerrenda bakarraren afera ikusten ari garen bezala, Gobernua sostengatzen duen alderdi baten babesa ere lotzen ari zaio, eta hori onartezina da. Hori horrela izanik ere, guk justiziaren eta berdintasunaren alde lanean jarraituko dugu. Nahiko nuke, bai, alderdi horietako ordezkariek eskaera hauek guztiak banaka irakurriko balituzte, finean pertsonen kontra ari direla ikus dezaten” gaineratu du.
Iruzkinik ez "Nafarren arteko ezberdinkeriarekin amaitzeko eskaerak eraman dituzte Nafarroako Parlamentura"