Nafarroako Euskararen legea aldatzeko prozesua elkarlanean egitea proposatu du euskalgintzak

2015ko abenduaren 15a Iruzkinik ez

Naf-Parlam-2015-12-15

Abenduaren 15ean Nafarroako Euskararen Legeak 29 urte beteko dituela oinarri hartuta, Kontseiluak, bere bazkideen Nafarroako ordezkariek lagunduta agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan. Bertan, legeari buruzko gogoetak luzatu dizkio Nafarroako Gobernuari, Paul Bilbaok, idazkari nagusiak. Legea aldatzea, euskalgintzarekin elkarlanean aritzea eta behar diren baliabideak eskaintzea eskatu dizkio Gobernuari eta legearen aldaketa prozesuan laguntza eta lan egiteko gogoa eta kemena eskaini dizkio.

Hainbat gertakariren errepaso laburra eginez hasi du agerraldia Bilbaok. Nafarroako Euskararen Legearen aurrean euskalgintzak izan duen jarrera irmoa aipatu du eta hori 29 urte luze hauetan hainbat ekimenen bitartez erakutsi duela gaineratu du, “manifestazioak antolatuz, 50.000 sinadura bilduz lege berri baten alde edo Anaitasuna euskaraz bizitzeko aldarriarekin betez, besteak beste”.

Horren aurrean, ordea, “milaka eta milaka lagun mobilizatu arren urte hauetan guztietan Nafarroako Gobernua ezin gaindituzko horma izan da, eta, are gehiago, legeak izan lezakeen garapenik urriena gauzatu da azken urteotan”.

2015eko udaberrian, aldiz, Nafarroako aldaketa politikorako zein sozialerako inoiz ez bezalako aukera mamitzen ari zen Nafarroan eta hori gorpuztu zedin Nafarroako euskalgintzak sendo lan egin zuen nafar guztion hizkuntza-eskubideak legean jasoko lituzkeen gobernu bat osa zedin. Horretarako, Kontseiluak 4 zutabetan oinarritutako 13 proposamen aurkeztu zizkien Nafarroako alderdi politikoei, bere egin zitzaten proposamenok eta hauteskunde programetara eraman.
2015eko apirilaren 25ean milaka euskaltzalek bete egin zuten Anaitasuna, 13 proposamenekin bat eginez, eta Nafarroako Euskararen Legeak eraikitako nafarren arteko horma behin betikoz eraisteko aukera arnasteko.

Zer esanik ez dago, han bildutakoen botoak erabakigarri suertatu ziren maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Horiei eta beste askori esker gauzatu ahal izan zen gaur agintean dugun gobernu berri hau: azkenik, Euskararen Legea alda zezakeen gobernua.

“Atzean utzi ditugu jada Nafarroako Gobernuaren lehendabiziko 100 egunak, eta tarte honetan euskalgintzak ez du berezko adierazpenik egin, jakitun baikara gobernu berri bat sustraitzeak eta lantalde berriak osatzeak dituen zailtasunak zein diren”, esan du Kontseiluko eledunak.

Gainera, eginkizun konplikatu horretan laguntzearren Nafarroako euskalgintza Nafarroako Gobernuarekin bildu zen irailaren 28an eta 13 proposamenetan aurrera egiteko erabateko laguntza eskaini zitzaion Gobernuko eleduna eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko harremanetarako Kontseilari den Ana Ollori eta Euskarabideko arduraduna den Mikel Arregiri.

“Harrezkeroztik ez gara egonean egon, eta lanean aritu gara. Erne jarraitu eta aztertu ditugu bai adostutako Programa Akordioa eta baita lehen erabaki zuzenak ere. Horietako batzuk itxaropen handiz hartu ditugu eta beste batzuk nolabaiteko kezkaz: Euskarabidearen osaketa, D ereduko lerro berri batzuen irekiera, Euskararen Nafar Kontseilua indartzearen proposamena, LEP berria irakaskuntzan, Euskararen Legearen inguruko adostasunik eza gobernuko lau alderdien artean…”

Ondoren, hiru puntuz osatutako adierazpena irakurri du Bilbaok. Honela labur daitekeena: Lehenik, Euskararen Legearen aldaketarako konpromisoa berrestea legealdi honetan, pausoz pauso, baina etenik gabe helburu garbi batez. Bigarrenik, pauso horietan guztietan euskalgintzaren elkarlana eta laguntza eskaintzea Nafarroako Euskararen Kontseilu berri eta eraginkor baten baitan. Azkenik, aurrekontu eta baliabide duinak taxuzko hizkuntza politika bat aurrera eramateko, bai diruz, bai ekintzez ere.