Nola transmititu hizkuntzaren aldagaia langile berri bati?
Langile berriak kontratatzean enpresek hizkuntzaren aldagaia nola landu dezaketen eredu posible bat landu dute Kontseiluaren baitan biltzen diren Euskaragileak Enpresa Batzordeko kideek. Harrera-plana, euskaraz lan egiteko gai diren langileei begira egindako proposamena da, harrera egokia egin ahal izateko oinarrizko jarraibideak markatzen dituena.
Enpresa guztietan, langile berriak kontratatu eta berauek euren jardunean kokatzeko prozesuak garrantzia berezia du. Langile horiek enpresan egoki integratzeko eta albait arinen euren zereginak behar bezala bete ahal izateko prozesua izaten baita hori. Prozesu horretan beraz, garrantzia berezia du enpresaren baitan euskararen normalizazioari eta oro har hizkuntzen kudeaketari ematen zaion garrantzia eta tratamendua transmititzeak.
Horregatik, langile berrien egokitzapena erraztea eta enpresak euskararen normalizazioari ematen dion garrantziaz jabetzea da harrera-planaren helburua, baita langile berrien portaera, enpresak hizkuntzen kudeaketari dagokionez ezarritako irizpide eta politikekin bat etortzea ere.
Euskaragileek egindako lanketa da; Batz, Fagor, Orkli, Irizar, Goizper Group, Mondragon korporatiba, MU Goi Eskola Politeknikoa, Ekin, Cikautxo, Elay, Elkar eta Makina Erremintaren Institutuak landutakoa, hain zuzen. Hortaz, enpresa Euskaragileen esperientzia eta praktika erabili da lanketa egiteko, eta eredu hau beste zenbait enpresetarako baliagarria izan daiteke. Enpresa bakoitzak bere errealitatera egokitu beharko duen arren, dokumentuak enpresak jarraitu beharreko prozedurak eta irizpideak zehazten ditu.
Iruzkinik ez "Nola transmititu hizkuntzaren aldagaia langile berri bati?"