Paul Bilbao: “Gizarte eragileen ekarpenak funtsezkoak dira Protokoloa osatzeko”

2016ko otsailaren 25a Iruzkinik ez

dss2016-baionako-aurkezpena

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Donostia 2016 Fundazioak sustaturik, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatuko da abendurako. Europa osoko gizarte eragileen eta adituen artean landutako dokumentu bat izango da, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko hartu beharreko gutxieneko neurriak jasoko dituena.

Protokoloaren egitasmoa zertan datzan azaltzeko eta gizarte eragileek ekarpenak nola egin ditzaketen erakusteko lehen hitzaldia eman zuten otsailaren 24an Baionan Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Donostia2016 Fundazioaren ordezkari Asier Basurtok. Datozen egunetan izango den hitzaldi sortaren lehena izan da hau.

Euskal Museoan egindako aurkezpen-hitzaldian Lapurdiko gizarte eragileen ordezkariak eta norbanakoak bildu dira eta interes handiz jarraitu dituzte Bilbaoren zein Basurtoren azalpenak. Kontseiluaren idazkari nagusiak urratsez urrats azaldu du abendurako prest izango den Protokoloaren muina. Bere iritziz, 1996ko Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala osatze aldera, protokoloa tresna historikoa izango da hizkuntza aniztasuna bermatzeko; eta hauen garapena bideratzeko urrats zehatzak zeintzuk izango diren proposatuko duelako. “Tresna bat izango da Europako hizkuntza aniztasuna babesteko” esan du Bilbaok.

Gizarte eragileen ahalduntze historikoa izango dela ere nabarmendu du eta gizarte eragileek egingo dituzten ekarpenek izugarri aberastuko dutelako protokoloa.

Asier Basurtok esan duenez, hizkuntza aniztasuna babesteko, eta bakeari eta bizikidetzari ekarpena egiteko bultzatzen ari da Donostia 2016 Fundazioa egitasmo hau. “Hizkuntzen berdintasunaren alde jotzea giza eskubideen alde aritzea delako, bakea egonkortzeko ariketa egin nahi dugu”. Donostian 2016an mugarri bat ezarriko dela gehitu zuen tresna eraginkor bat sortuz, Europako hizkuntzek eta haien komunitateek dagokien lekua izan eta berreskura dezaten.

Baionan bildutako eragileek beharra adierazi dute berriz ere elkartzeko Protokoloaren ekarpen zehatzak proposatzeko. Ipar Euskal Herriko gizarte eragileak elkartu eta lanketa sakona egiteko konpromisoa hartu dute.