Ulergaitza azken urratsa egin ez izana

2019ko urtarrilaren 30a Iruzkinik ez
Kontseiluko ordezkariak Batzorde Berezian lege-proposamena aurkezten

Nafarroako Parlamentuak 2017ko urriaren 27ko Osoko Bilkuran hiru printzipio iradokitzailetan oinarritu beharreko Euskararen Lege Berri bat idazteko Batzorde Berezia sortzea erabaki zuen. Gaur, Batzorde Bereziak azken bilera du, ondorioak aurkeztu dituzte eta lege berri baterako adostasunik ez dagoela adierazi dute.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bat egiten du Batzorde Bereziak aurkeztutako hainbat ondoriorekin, besteak beste, 1986ko Euskararen Legea ez dela egokia edota zaharkituta gelditu dela eta berritu eta egokitu beharra dagoela. Izan ere, horrek bat egiten du Kontseiluak Parlamentuan aurkeztutako proposamenean egindako azterketarekin. Horrekin batera, ondorioetan Euskararen Legea onartu zenetik garatu diren nazioarteko tresna berriak ere aipatzen dituzte, besteak beste, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala zein Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Kontseiluaren proposamena dokumentu horietan oinarritu zen. Gainera, Batzordearen ondorioen arabera zonifikazioak ez dio Nafarroako errealitateari erantzuten. “Horretan guztian bat egiten dugu eta horrexegatik ulergaitza egiten zaigu Parlamentuak urriaren 27ko Osoko Bilkuran emandako aginduari behar bezala erantzun ez izana eta lege-proposamena aurkeztu ez izana. Kontraesankorra da aurkeztu duten testuinguruan adostasuna egonik, lege-proposamen berria aurkeztu ez izana” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Kontseiluak zalantzarik ez du lege berri bat prestatzeko prozesuan korapiloak izango direla eta hor ikuspegi desberdinak egon daitezkeela, baina zonifikazioa gainditzeko modu bakarra dagoela berretsi nahi izan du: “Herritar guztiak berdintasunez hartuko dituen, herritarren artean bereizkeriarik eragingo ez duen arkitektura juridikoaren oinarria ofizialtasuna da. Azken hilabeteotan Batzordean egin diren ekarpenak kontuan hartuta, ez da aurkeztu aitortza juridikoa erdiesteko ofizialtasunaz beste aukerarik” esan du Kontseiluko eledunak.

Horrekin batera, Kontseiluko eledunak gogorarazi nahi izan du berriki Nazio Batuen Erakundeko Gutxiengoen Aferatarako Kontalariak zonifikazioarengatik kezka agertu zuela. “Eskubideen zaintzari begira nazioarteak sortu duen erakunde nagusienetako ordezkari batek jasotako kezkari Batzorde Berezi honek irtenbide zehatzik eman ez izana gaitzetsi behar dela uste dugu.” gaineratu du Bilbaok.

Halere, Kontseiluak herritarren arteko berdintasuna ahalbidetuko duen marko juridikoa erdiesteko lanean jarraituko duela iragarri du. “Egia da, bai, aukera bat galdu dela, baina egia ere bada, eztabaida parametro egokietan jarri dugula. Gehiengo politikoak ikusi du lege berria behar dela, baldintza sozialak badaudela eta nazioarteko itunek bide zehatza erakusten dutela. Orain guztion lana da alderdiei gogoraraztea herritarren oinarrizko eskubideak eta herritarren arteko bereizkeria ditugula jokoan, ahalik eta lasterren neurri zuzentzaileak har ditzaten. Guk horren alde lanean jarraituko dugu” azpimarratu du.

Etiketak: