Valentziako Gorteetako Presidenteak Donostiako Protokoloa aintzat hartzeko borondatea agertu du
ELEN-Hizkuntza Berdintasunerako Europako Sareko zuzendaritza-batzordeari harrera egin dio Valentziako Gorteetako presidente Enric Morerak asteburu honetan Valentzian egingo duen bileraren bezperan. Moreak Europan erregioetako parlamentuetako presidenteen bilgunean Protokoloa erabiltzeko asmoa adierazi die ELENeko kideei.
ELENeko lehendakari Ferran Suayk eta lehendakariorde eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren ale bat eman diote eskura Valentziako Gorteetako presidenteari gaur eguerdian Gorteen egoitza nagusian ELENeko zuzendaritzari egin zaion harrera-ekitaldian. “Kontseilua sorrera-fasetik izan da ELENeko kide, benetan sinisten dugulako gizarte eragileok saretu egin behar dugula Europaren aurrean indartsu izan nahi badugu” esan du Paul Bilbaok.
ELEN erakundea da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren etorkizuna gidatzen duen Jarraipen Batzordeko kide LINGUAPAX, CIEMEN, UNPO, ECMI, PEN eta KONTSEILUArekin batera. “Protokoloak berak ezarri zuen zein den lehen Jarraipen Batzordearen osaera, eta erakunde horiekin batera ari gara proiektuaren etorkizuneko lan-ildoak zehazten” gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.
Europa osoko hizkuntza gutxituen berreskurapenaren alde lan egiten duten gizarte eragileen bilgunea da ELEN, eta bihar egingo duten zuzendaritza-batzordean, besteak beste, Protokoloaren etorkizuneko lan-ildoak nola jorratu aztertuko dute.
Honez gero, EAEko, Nafarroako eta Galiziako Parlamentuetako lehendakariei zuzenean eman zaie Protokoloaren ale bana, eta Europako Parlamentuko zein Europako Kontseiluko hainbat arduradunekin ere partekatu da Protokoloaren etorkizuneko proiekzioa. “Europa mailan hizkuntza-politiken eremuan inoizko babes zein adostasun handieneko dokumentua da Protokoloa, eta hori baliatu behar dugu. Euskal Herrian ere ez dago horrenbesteko adostasunik duen hizkuntza-politikari buruzko dokumenturik, eta horren adibide da aurreko astean euskal gehiengo sindikalak ere bat egin izana” gaineratu du Bilbaok.
Ostiraleko harrera-ekitaldiaz eta larunbateko bileraz gain, Kontseiluko idazkari nagusiak Protokoloaren aurkezpena egingo du Acció Cultural del País Valencià erakundeak antolatutako ekitaldian.
Iruzkinik ez "Valentziako Gorteetako Presidenteak Donostiako Protokoloa aintzat hartzeko borondatea agertu du"