CONFEBASKek uko egin dio enpresetan euskara planak negoziatzeari

2022(e)ko otsailak 23 Iruzkinik ez

Otsailaren 22an ELAk eta LABek bilera izan zuten Confebaskekin, CCOOekin eta UGTrekin. ELA eta LABen eskaera oso xumea izan zen: langileen ordezkaritzak edo enpresarenak Euskara Planak negoziatzea eskatzen duten lantokietan negoziazioa irekitzeko konpromisoa hartzea. Confebaskek uko egin zion aukera hau negoziatzeari.

Orain urtebete ELAk, LABek eta Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dinamika bat jarri zuten martxan. Euskararen erabilera normalizatzeko plangintza enpresen %1ek du, eta euskararen erabilera lantokietan kale erabilera baino askoz murritzagoa da, enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatea baitakar, eta, horregatik, aldaketa bat ezinbestekoa da.

Adierazitako egoera kontuan izanik, ELAk, LABek eta Kontseiluak lan munduaren euskalduntzea norabide berri batean jartzeko saiakera egin dute. Saiakera horren abiapuntua akordioari aukerak ematea izan da; hiru eragileek uko egin diete euren eskaera propioak aldarrikatzeari ekimen honetan, patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon daitezkeen abiapuntu baten bila. ELArentzat, LABentzat eta Kontseiluarentzat gutxieneko adostasun elementu izan beharko litzateke langileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean gaiari buruzko negoziazioa zabaltzea; plan hori martxan jartzeko obligaziorik gabe, baina adostasun baten bila.

Eskaera oso xumea izan arren, euskalduntzea protokolizatzea eta horri buruzko negoziazioak zabaltzea abiapuntu garrantzitsua da, eta horri eman diote balioa ekimenaren bultzatzaileek. CCOOk eta UGTk eskaera propioak zituzten ekimen honen bueltan, eta negoziazioa martxan jartzeko prest azaldu ziren. Confebaskek, berriz, uko egin dio negoziazioa irekitzeari.

ELArentzat, LABentzat eta Kontseiluarentzat harritzekoa eta arduratzekoa da patronalaren jarrera. Arduratzekoa da negoziazio eskaera inposizio gisa hartzea eta harritzekoa Euskara Planak negoziatzea arazo gisa hartzea, jakinik ez dela akordiorako obligaziorik ezarri. Euskara Planen negoziazioak diagnostikoa eskatzen du eta tokian tokiko egoeraren arabera hobekuntzarako neurriak negoziatzea. Hori Confebaskentzat arazo da, eta oso larria da hori. Jarrera horrekin ezinezkoa izango da inoiz euskaraz lan egin nahi duten langileek horretarako aukera izatea.

ELAk, LABek eta Kontseiluak ez dute bukatutzat ematen ekimena; Confebasken ezezkoaren ondoren egoera hausnartu eta jarraipena emateko erabakiak hartuko dituzte.