Eredurik inklusiboena euskarazko eredua da

2022(e)ko otsailak 23 Iruzkinik ez

Euskalgintzako, hezkuntzako eta eragile sindikaletako ordezkari andana batu da gaur Iruñeko Katakrak aretoan euskarazko irakaskuntzaren alde eta gurasoei seme-alabak euskarazko ereduan matrikula ditzaten animatzera, bai eskola publikoko D ereduan, bai eta ikastoletan ere. Bertan izan dira, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, NIZE, Dindaia, AEK, IKA, Topagunea, EHE, UEU, EMUN, ELA, LAB eta STEILAS.

Euskara, batzeko elementua

Agerraldiaren hasieran, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hezkuntzako eragileek erakutsitako batasuna azpimarratu du: «Aurreko astean SORTZEN, Euskal Herriko Ikastolak eta Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak “aUPa euskara, ahotik mundura” kanpaina bateratua aurkeztu zuten euskarazko ereduaren alde, eta hori handia dela esan behar dugu. Izan ere, keinu horrek erakutsi du euskarak batu egiten duela, kohesioa sortzen duela gizartean. Zeinek bere proiektua, baina batu egin ziren».

Hori horrela izanik, gaur euskararen aldeko batasun handiagoa erakutsi nahi izan dute, euskararen atzean zer-nolako aniztasuna dagoena erakusteko: «Gaur euskararen eremuan, baina esparru desberdinetan lan egiten dugun eragileok gaude, baita hezkuntza komunitateko eta sindikatuetako ordezkariak ere. Komunitate zabala osatzen dugula erakusteko, eta komunitateko kide izateko gonbidapena egiteko elkartu gara» azaldu du Bilbaok.

Guraso askok datozen asteetan hartuko duten erabakiak eragin zuzena izango du haien seme-alaben etorkizuneko hizkuntza-gaitasunetan, eta aurten euskarazko D ereduan aurrematrikulatzeko deia eta gonbidapena batera egin nahi izan dute aipatutako eragileek. «Zalantzarik gabe, eredurik inklusiboena da euskarazko eredua».

Gaurko agerraldian, halere, hezkuntzako eragileen batasunari beste hainbat eragile lotu zaio: «Lehenik eta behin, gogoratu dute guraso berriek orain hartuko duten erabakiak eragin handia izango duela seme-alaben garapenean eta etorkizunean. Horrela, ezagutzari dagokionez, euskarazko ereduak haurrei beste edozein ereduk baino gehiago ematen diela aldarrikatu nahi izan dute eragileek; hizkuntza bat ezagutzeko aukera, eta ondorioz, ingurunea euskararen betaurrekoetatik ikustea. Hain zuzen, jakintza hori Nafarroako errealitatea hobeto ulertzeko, Nafarroa bera sakonago ezagutzeko eta Nafarroan osoki bizitzeko gakoa dela» adierazi du Bilbaok, azpimarratuz ingurunearekin harreman estuagoa lortzeko eta komunitatea egiteko balio duela euskarak.

Eskarmentu handiko profesionalak

Bestalde, Kontseiluko eledunak euskarazko irakaskuntzan diharduen komunitateak egiten duen lana goraipatu du: «Ikaragarria da azken hamarkadotan hezkuntza-komunitateak egindako lana herritar euskaldun eleaniztunak sortzeko. Harro egoteko moduko profesionalak ditugu, konprometituak, gutxiago duenari gehiago emateko irizpideari jarraituz, bai eta euskararen gaian ere». Horrexegatik, hain zuzen, Bilbaok aipatu du profesional horien eskarmentua ere hartu behar dutela kontuan guraso berriek haurrak matrikulatzeko unean: «hizkuntzen irakaskuntzan eta pedagogian jardun dute, eta ikasleen hizkuntza-beharretara egokitzen dira, baina beti ere helburu bera lortzeko: ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean gaitasun aurreratua izan ditzatela euskaraz zein gaztelaniaz, bai eta gaitasun egokia hirugarren hizkuntza batean ere. Eta ikasleen jatorri linguistikoari, ekonomikoari, sozialari edota bestelakoari erreparatu gabe, finean euskaraz hezitzen direnean, berdintasunean hazten dira».

Besoak zabalik, ikasgelak zabalik, ikastetxeak zabalik

Amaitze aldera, Kontseiluko ordezkariak gogoratu nahi izan du profesional guztiek besoak zabalik dituztela ikasle berriak hartzeko. «Berdintasunean oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu haurrekin batera. Guk gizarte kohesionatua nahi dugu, herritar guztiek aukera berdinak izatea nahi dugu» adierazi du Kontseiluko eledunak. «Geurea irakatsi, baina besteena ezagutu, besteengandik ikasi», hori bera da euskarazko eredua: hartu eta emateko baliagarria den hezkuntza eredua, emateko eta hartzeko aukera eskaintzen duen eredua, euskararekin loturarik izan ez duten horien guztien beharrak asetzeko. «Guzti honengatik, ikastetxeak zabalik daude, gizarte are berdinzaleagoa eraikitzeko, Nafarroa euskaratik aniztasuna ulertzeko eta baloratzeko» adierazi du.

Horrexegatik, beraz, agerraldian bildutako eragileek Nafarroako ikastetxeetan euskarazko ereduan matrikulatzearen aldeko gonbidapena egin nahi izan dute.