Hizkuntza-klausula sozialen inguruan aritzeko eragile ezberdinetako ordezkariak batu ditu Kontseiluak

2021ko abenduaren 03a Iruzkinik ez

Pandemiak gure bizitzak eten eta goitik behera baldintzatu zituen garaian, etorkizuneko gizartearen nondik norakoak ezbaian eta zalantzan jarri ziren unean, Geroa Euskaratik eraiki beharra aldarrikatzeko eta bide hori urratzeko ekimena jarri zuen abian Kontseiluak.

Ekimen horren baitan, lan-munduari begira berariazko lanketa egin zuen. Horrela, hainbat aldarrikapen eta neurri plazaratu ziren, besteak beste, kontratazio publikoetan hizkuntza-klausula sozialak ezarri beharra. Klausula horien bidez, administrazioak kontratatutako zerbitzu eta produktuek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea bilatzen da, bai eta eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea ere.

Instituzio publikoekin eginiko harremanetan, neurri hori lantzeko aukerak azaleratu ziren, baina zer-nola landu litekeen zehaztu beharra ikusi zen. Alegia, gai hori neurri politiko edo praktika zehatzetara eramateko, proposamen zehatzagoa edota proposamen teknikoa osatu beharra mahai gaineratu zen.

Kontseiluaren lan-munduko sektoretik aipatutako proposamen zehatza osatzeko lehen urratsa adituak eta interesdunak bildu dituen mintegia antolatzea izan da. Mintegi hori azaroaren 29an egin genuen Miramongo Parke Teknologikoan. Bertan parte hartu zuten euskalgintzako kideak, udaletako ordezkariak, mankomunitate eta eskualdeko garapen agentzietako kideak, Foru Aldundietako ordezkariak, Foru organismo autonomoetako kideak, sindikatuetako kideak eta nola ez, gaian adituak. Bertan bildutakoen askotariko izaera horrek, besteak beste, eman zien aberastasuna eginiko gogoetei.

Mintegiak hiru atal izan zituen: lehen bi hitzaldietan gaiaren kokapen teorikoa eskaini zen; ondotik, hiru kasu praktiko azaldu ziren; eta mintegiaren amaierako zatian, gogoeta partekatua egiteko ariketa bideratua egin zen. Mintegia hizkuntza  klausula sozialen lanketan urrats bat gehiago izan zen. Orain, bertan jasotako ekarpenak eta gogoetak bildu eta administrazioak klausula horiek ezarri ditzaten eragiteko hurrengo urratsak definitzea dagokigu.

Mintegiko argazkiak: