Europako Batasunak sakoneko aldaketa egin behar du hizkuntza-politikan

2021ko abenduaren 07a Iruzkinik ez

Coppieters fundazioak antolatutako eta Iratzar fundazioak sustatutako lan-jarduna izan da Bruselan. Lehen saioan, kultur aniztasunari buruzko mahai ingurua egin da, eta babesik gabeko Europako hizkuntzak sustatzeko moduak izan dituzte hizpide. Bertan, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du parte. Berarekin batera izan dira Davyth Hicks ELEN europar sareko idazkari nagusia, Ana Miranda BNGko nazioarteko arduraduna, eta Lisandru de Zerbi Bastiako (Korsika) hautetsi eta PraticaLingua murgiltze sistemaren aldeko elkartearen sortzailea.

Abiapuntu desorekatua

Lehen atalean, hizlariek egungo egoeraren errepasoa egin dute, bai eta dauden oztopoak zerrendatu ere. Alde batetik, Kontseiluko idazkari nagusiak egungo lege-markoa izan du hizpide: «Bi gauza azpimarratu nahi izan dugu; lehenik, araudia bera diskriminatzailea dela, eta bigarrenik, bertako araudiak berezko hizkuntzen lurraldeetan ere ondorio oso txarrak eragiten dituela».

Horrekin batera, Europako Batzordeak eta Parlamentuak berak garatutako dinamikak eta jardunak ere aipatu ditu Paul Bilbaok: «Halere, gogorarazi dugu gehienetan Europako Batasunak aniztasunaren inguruan egiten duen irakurketa murritzean oinarritu izan direla».

Eta azkenik, gizarte zibil antolatuaren lana goraipatu nahi izan du Kontseiluko eledunak, eta gogoratu du hogeita hamar hizkuntza-komunitate gutxitutako ehundik gora eragilek adostu zutela zein izan beharko litzatekeen hizkuntza-eskubideak bermatzeko bide-orria: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.

Aurrera begirako erronkak

Aurrera begirako erronkak zerrendatzeko, Kontseiluak hizkuntza-politika irudikatzeko erabiltzen duen lau zutabeak aipatu ditu Bilbaok, alegia, corpus juridikoa eta araugintza, plangintzak, baliabideak, eta herri gogoa. Halere, horren aurretik kezka bat ere planteatu du: «Izan dira, bai, Europako Parlamentuak onartutako ebazpen interesgarriak, esaterako, Europako Batasunean arriskuan dauden Europako hizkuntzen eta hizkuntza aniztasunaren aldeko ebazpena, gehiengo handi batek onartua eta betebehar interesgarriak jasotzen dituena. Kontua da, ebazpen horiek ez dutela benetako garapenik eta jarraipenik, eta badago sentsazioa kaxoian sartzen direla. Horrexegatik, horrelako ebazpenak onartzean, bertan jasotzen diren beharrak inplementatzeko ekintzak behar dira».

Ondoren, Europako Batasunaren legeriaren berrikusketa, Europako hizkuntzen plana, hizkuntza gutxituei laguntzeko oinarri juridikoa berregitea, hizkuntza gutxituak laguntzeko ildoa, eta abar eskatu ditu Kontseiluko ordezkariak. Horrekin batera, konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko mekanismoen beharra ere adierazi du: «Europak tren zehatz eta eragingarriak sortu behar ditu hizkuntza-bereizkeriaren berri izateko. Horrela, Europako Hizkuntzen Komisarioa, Hizkuntza Eskubideen Europako Behatokia, izaera aholku emailea izango duen Europako Parlamentuko egitura hizkuntza gutxituen esparrua lantzeko… Ideia asko bota dugu, zalantzarik gabe».

Amaitzeko Paul Bilbaok gizarte zibilaren presioaren beharra azpimarratu du: «Gainera, horretarako, oso egokia iruditzen zaigu Euskal Herrian Batuz Aldatu dinamikarekin zabaldutako esperientzia. Europa mailan ere askotariko eragileekin aliantzak jorratzen hasi beharko dugu, guztion artean Europa justuagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko».