Eusko Legebiltzarrak uko egin dio lantokietan euskara planak sustatzeko Kontseiluaren, ELAren eta LABen proposamena babesteari

2021ko urriaren 25a Iruzkinik ez

EAJ eta PSE-EEek onartutako Legez Besteko Proposamenak lantokietan euskara sustatzea aipatu arren, ez dio inongo erreferentziarik egiten patronal eta sindikatuen artean hori gauzatzeko marko bat sortzeko egindako proposamenari. Ondorioz, EH Bilduk egindako proposamena bertan behera geratu da.

Ekainean, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek bilerak izan zituzten Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkezteko, 50 langiletik gorako enpresetan, langileen ordezkariek edo enpresariak eskatuta, euskara plana negoziatzeko konpromisoa Lanbidearteko Akordioren bitartez arautzea, hain zuzen. Ekimenak helburu zehatza du, edozein lantokitan langilek zein enpresariak euskara normalizatzeko negoziazio bat ireki nahi izanez gero, beste aldeak negoziatzeko konpromisoa izatea, besterik ez.

Lan munduak ez dio gizartearen euskararen ezagutzari erantzuten. Enpresen %1 baino gutxiagok dute euskararen erabilera normalizatzeko ekimenen bat martxan, eta egun hezkuntza sistemak euskaldundutako gazteek erabat erdalduna den lan-munduarekin egiten dute topo. Kontseiluaren, ELAren eta LABen ekimena oso oinarrizkoa da, euskara-planak lantokiz lantoki negoziatzea helburu duena, hain zuzen.

Esandakoarengatik harrigarria da Legebiltzarrean adostutako Legez Besteko Proposamena, ez baitu bat egiten alderdiekin izandako bileretan jasotako erantzunekin. Legebiltzarreko erantzun honek, era berean, ez du bat egiten behin eta berriz patronalen aldetik negoziazio eta enpresa eredu berriei egindako adierazpenekin. Negoziazio eta adostasunean oinarritutako enpresa eredu batek ezinbestean aldeek aurkeztutako kezkei, dena delakoak izanik ere, elkarrizketaren bitartez erantzun beharko lieke, zaila da ulertzea Legebiltzarrak hori babestu nahi ez izatea.

Kontseiluak, ELAk eta LABek gure ekimena berresten dugu eta hurrengo hilabeteetan proposamena aurrera atera dadin urrats berriak emango ditugu, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eta euskal langileek euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatze aldera gutxieneko urratsa dela iruditzen baitzaigu.

ELA LAB KONTSEILUA LOGOAK