Hizkuntza-politiketan eragiteko proposamena adostasunetarako prest

2021ko apirilaren 16a Iruzkinik ez

Euskalgintzaren Kontseiluak Ohiko Batzar Nagusia egin du Bilbon, eta urteroko aztergaiez gain, Hizkuntza-Politiketan Eragiteko Adostasun Sozialen dokumentuaren lanketak hartu du bileraren tarterik handiena. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi bezala, «Kontseiluaren aginte-organo gorenari zegokion dokumentuaren azken bertsioa berrestea, eta pozik gaude gure bazkideek aho batez onartu dutelako proposamena».

Prozesu aberatsa

2020ko abenduan iragarri zuen Kontseiluak Donostian hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak lortzeko dokumentua jorratuko zuela. «Hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela adierazi genuen abenduan, eta horretarako oinarrizko proposamena jarriko genuela mahai-gainean», adierazi du Bilbaok. Izan ere, orduan, Kontseiluak erantzukizun partekatua oinarri, erakunde, eragile eta norbanakoei atxikimendutik konpromisoetara jauzia emateko deia egin zien, «gizarte kohesioa bermatzeko eta euskararen aldeko oinarri sendoagoa osatzeko», laburbildu du Kontseiluko eledunak.

Oinarrizko proposamen hori abiapuntutzat hartuta, Kontseiluak hainbat mintegi antolatu ditu berau osatzen duten erakundeekin. Horrekin batera, eremu desberdinetako hainbat eragilerekin bilerak egin ditu asmoa eta dokumentua aurkezteko. Bilbaoren hitzetan, «lan interesgarria izan da, eta oro har, eragileek, bazkideek zein kanpokoek begi onez hartu dute hizkuntza-politikek etorkizunean jarraitu beharko luketen norabidetzeak bi ardatz izatea; batetik ezagutzaren unibertsalizazioa, eta bestetik euskararen erabilera erosorako espazioak bermatzea».

Horrekin batera, Kontseiluak jasotako ekarpenetan ere azpimarra egin nahi izan du: «Eragileek hamarnaka ekarpen egin dizkiote dokumentuari, eta horren ondorioz, hasieran aurkeztu genuen proposamenak adotasunerako baliagarriak izango diren hainbat elementu berri jasotzen ditu».

Ekainaren 19an, lehen mugarria

Batzar Orokorrak dokumentu berria aho batez onartuta, Kontseiluak berriz ere joko du eragileengana proposamen berria aurkezteko. «Askotariko eragileekin biltzeko asmoa dugu, guztion artean jorratutako proposamenaren ardatzak partekatu eta haiek ere bat egin dezatela eskatzeko. Izan ere, honen guztiaren azken helburua guztion artean hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun ahalik eta handienak lortzea izango da», adierazi du Bilbaok.

Halaber, Kontseiluak aurreratu du ekainaren 19an ekitaldia antolatuko dutela adostasunen lehen argazkia erakusteko.

Bestelako lanketak eta proiektuak

Hizkuntza-Politiketan Eragiteko Adostasun Sozialen dokumentuak Batzar Nagusiaren zatirik handiena hartu duen arren, Kontseiluak 2020an egindako jardunaren balantzea eta 2021eko plana ere izan dute hizpide.

«Esan gabe doa, 2020a urte berezia izan dela. Halere, Kontseiluak jakin izan du euskararen gaia ere egoera zail honetan kokatzen», esan du Kontseiluko eledunak. Beste hainbat lanketa eta irakurketen artean, «hor ditugu, esaterako, ekainean bazkideekin batera pandemiaren ondorioei aurre egiteko Geroa Euskaratik proposamena, edota, Nafarroako Gobernuari aurkeztutako Nafarroa Euskaratik Suspertu proposamenak».

Halaber, 2021 urteari begira, beste hainbat proiekturi ekingo dio Kontseiluak: asteazkenean Hendaian publiko egin zuen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenaren esperientzia pilotuak, Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatuko dituen jardunaldiak, arnasguneen inguruko dinamikak, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko jarduna, nazioarteko eragileekin lankidetzak edota irakurketa politikoak, besteak beste. «Egia da adostasun sozialen lanketa izango dela gure ardatza 2021ean, baina iaz hasitako proiektuek jarraipena izango dute. Urte emankorra izango dela uste dugu», gaineratu du Bilbaok.